Chivilcoy, Argentina. Gaurtik hasita euskal sukaldaritza protagonista berezia izango da Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxeko gauetan. Hamabi emakumek osatzen dute Amalur proiektua, aspaldidanik ari dira euskal etxe barruan lanean eta euskal platerak prestatzen dituzte argentinar ukituarekin. Elena Médice taldeko erreferentea da 2019az geroztik eta azaldu dio EuskalKulturari pandemiaren kolpea gogorra izan dela euskal etxean eta kostatzen ari zaiela erritmoa berreskuratzea. Ez dira kokiltzen, ordea, eta gaur bertan ekingo diote jarduera berri honi, mahai oparo baten inguruan topaketak sortzeko asmoz.
Amalurko eledun Elena Médicek gaur hasiko den proposamena azaltzen du Chivilcoyko Radio del Centron
Proposamen gastronomiko berri bat egingo dute astero, euskal etxeko aretoan gozatzeko, musika ona eta mahai-jokoak lagun, edo, hala nahiago dutenek, nor berak jaso eta etxeratzeko. Gaurko estreineko menuak bost pintxo mota bilduko ditu: txorizoa sagardo erara, patata tortilla, urdaiazpikoa eta gazta, berenjena erromatar erara eta oilaskoa. Hurrengo ostiralean, hemen zale asko dituen 'sukaldia' prestatuko dute, eta laster oilaskoa euskal erara eta paella ere menuan aurkituko ditugula agintzen dute.
Taldekide dira Elenarekin batera, Martha Cleci, Silvana Barroso, María José Gallo, Juanita, Milena eta Teresa Maritorena, Rocío eta Eleonora Pagone, Alicia Ferreira, Hilda Invernoz eta Nidia Ibañez. Geronimo Giacheta teknikaz arduratzen da. Aipatu platerak oso prezio egokian saltzen dituzte, jendea euskal-argentinar zaporeok dastatzera anima dadin. Erreserbak telefonoz 2346 456327 / 334402 zenbakietara deituz edo mezua bidaliz.
On egin eta arrakasta opa dizuegu proposamen berrian!