Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia den Marian Elorza elkarrizketatu zuten atzo Radio Vitorian, eta Covid19ak eragindako krisiaren ondorioz munduko hainbat herrialdetan harrapatuta geratu eta Jaurlaritzarekin harremandu diren EAEko herritarren datu eguneratuak eman zituen: 430 pertsona dira, eta horietatik 268 Euskadira itzuli dira dagoeneko, eta 23k erabaki dute dauden herrialdean geratzea, aipatu zuenez.
Elorzak adierazi zuen bost kontinenteetako herrialdeetan harrapatuta dauden herritarrak daudela, foku nagusiak Peru, Zeelanda Berria eta Australia izan badira ere. Jakinarazi zuenez, hauek izan dira topatu dituzten arazo nagusiak: hegaldiak bertan behera geratzea aire trafiko murrizketengatik, mugak erabat ixtea eta herrialde batzuetan barne mugimenduan mugak egotea.
Atzerriko herrialde batean harrapatuta geratuz gero segitu beharreko jarraipideak oroitarazi zituen Marian Elorzak: gertuen duen kontsulatuarekin jarri behar du harremanetan, kontsuletxeko larrialdietarako telefonoaren bidez; eta, ezin badu egin, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzarekin jar daiteke harremanetan kanpolarrialdiak@euskadi.eus helbide elektronikoaren bidez edo (+34) 945 01 81 26 telefono-zenbakiaren bidez, bertan eskaerak jaso eta kontsultak erantzuten baitira.