Corpus Christi, Argentina. Misioneseko euskal diasporak Corpus Christiko Eusko Etxea sortu zeneko 19. urteurrena ospatu du abuztuaren 26an Euskal Argentinar Kulturaren Jaiaren edizio berri bat medio, hainbat kultur, hezkuntza eta jai jarduera tarteko. Hitzaldiak, eskulanen erakusketa, lan bilerak, euskal dantzak eta afariak izan dira, besteak beste, programako parte. Abuztuaren 22an, osteguna, hasi, eta hilaren 24an, larunbata, inguruko lehenengo euskal biztanleei buruzko ikerketa gizartean aurkeztuz amaitu ziren ospakizunak.
Tokiko komunitatearekiko engaiamendu ildoari jarraiki, programak herriko ikasleak eta Batxilergo eskola baitaratu zituen. Euskal dantzariek lan ederra egin zuten Jauzi, Arin Arin eta Kalejira eskainiz
Egitaraua ostegun goizean hasi zen, Saladilloko Augusto Cicaré-ren bizitza eta lanari buruzko “Héroes de hoy: Augusto Cicaré, el sueño de volar” hitzaldiarekin, bideoekin ilustratua, Batxilergo Orientazio Balioaniztun 14. zenbakidunean. Hizlari, asmatzaile autodidakta izan zen Cicacé-k sortutako enpresan langilea izan zen Miguel Sosa aritu zen eta eskolako ikasle eta irakasleei zuzenduta egon zen.
Mintzaldian, asmatzailearen giza alderdia azpimarratu zen gehienbat, eta harrera nabaria izan zuen "Interes handiz jarraitu zuten ikasleek”, berretsi dio EuskalKultura.eus-i Eusko Etxeko sortzaile eta eleduna den Olga Leiciagak. Biharamunean, Eusko Etxeko egoitzan eskaini zuen Sosak hitzaldi bera, oraingoan euskal elkartean, EEko kide eta lagunak zituela entzule. Ondoren, Eusko Etxearen urteurreneko afaria partekatu zuten.
Miguel Sosa hizlaria, Olga Leiciaga eta Corpus Christiko BOP N°14ko ikasleekin
Corpus Christiko lehenengo euskal biztanleei buruz ikertzen ari den taldearen bilera
Eskulanak Udal Aretoan erakusgai: esaterako, Vasco de la Carretilla, esponja begetalez egina
Resistencia, Saladillo, Posadas eta Corpus Christi.ko dantzariek osatutako taldea Udal Aretoan
Larunbat goizean, Kultur Topaketa egin zen Eusko Etxearen egoitzan. Hantxe bildu zen herrian bizi izan ziren euskal jatorriko lehenengo biztanleen peskizan lanean ari den taldea, Misionestik kanpo, Buenos Aires probintzian bizi den proiektuko zuzendari Cesar Arrondo ere partaide. Eguerdira arte luzatu zen bileran urtea bukatu arteko ikerketaren ildoak finkatu ziren.
Arratsaldean, Udal Aretoak eskulan erakusketa bati eman zion abegia, Eusko Etxeko bazkide eta lagunek egindako zeramika, egur, pintura, belaki begetal eta ehungintza lanak ikusgai. Euskal dantza, hainbat herritako emakumek osatutako dantzari talde baten eskutik iritsi zen. Partaide izan ziren Posadasko Mariángeles Rosciani, Resistenciako (Chaco) María Rosa Grandes, Saladilloko (Buenos Aires) Mariana Gamboa eta Eugenia Pérez, eta bertako Elisa Goya, Lucía López eta Rocío Miranda. Jauzi, Arin Arin eta Kalejira dantzatu zituzten.
Eta ospakizunari amaiera bikaina emanez, proiektuaren eta ikerketa-taldea osatzen duten pertsonen aurkezpen publikoa egin zen. Bertaratu zirenei, ekimenarekin bat egin eta kolaboratzeko gonbitea egin zitzaien. Azken agurraren momentua, hurrengo urtean, Misioneseko Eusko Etxearen 20. urteurrenean, Euskal Kultur Topaketa berri baten promesarekin iritsi zen.