euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iñaki Galdos partaide, Corpus-eko Eusko Etxeak mbya guarani-en eskola izango den etxea inauguratuko du gaur

2011/05/02

Gaur inauguratuko den etxea duela aste batzuk ateratako argazkian, bukatzeke zegoenean (argazkia CorpusEE)
Gaur inauguratuko den etxea duela aste batzuk ateratako argazkian, bukatzeke zegoenean (argazkia CorpusEE)

PUBLIZITATEA

Corpus Christi-ko Eusko Etxea-k, Argentina iparraldeko Misiones probintzian, ekitaldi batera deitu du gaur astelehen arratsalderako, euskal etxeak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eraiki duen eraikina emango baitio Tavá Mirí Komunitateari, mbya guarani komunitateen eskola izan dadin. Horretarako, Argentinan da Iñaki Galdos Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Ekintza eta Kirol diputatua, bertatik egindako gonbiteari erantzunez. Galdos iragan aste amaieratik dago Argentinan eta larunbatean, izan ere, La Platatik segitu zuen, bertako Realaren Peñako kideekin, talde gipuzkoarrak eta Bartzelonak jokatu zuten futbol partida, Reala garaile, 2-1 emaitzarekin.

Corpus Christi, Argentina. Corpusko Eusko Etxea-tik, elkarteko lehendakariak, Olga Leiciagak, bere poza adierazi dio EuskalKultura.com-i, bertako euskaldunen izenean, posible izan baitute "mbya-guarani komunitateentzako egindako eskola eraikitzeari dagokionez". Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren sostenguari esker bururatu ahal izan dute, eta kari horretara iritsiko da gaur eguerdiz Corpusera, gonbidatu gisa, Iñaki Galdos Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Ekintza eta Kirol diputatua.

Euskal etxe antolatzailetik, gonbidapena lagun guztiei luzatu nahi izan diete, "bertako jatorrizko herrien hezkuntza, osasun eta kultur alorreko garapena bultzatzeko engaiamendua lokarri, 44 zenbakidun Eskolari dagokion satelite bidezko ikasgelaren hezkuntz-komunitatearen eta Eusko Etxearen elkarrekiko lanaren poza partekatu nahi duten guztiei". "Gure lagunetako batzuk fisikoki parte hartu ahal izango dute, eta beste batzuk espiritualki", azaldu du Leiceagak. "Guztiei gure gonbidapena eta gure hurbiltasuna".

Egitaraua

Ekitaldia "xinplea baina sentitua" izango dela iragarri dute, eta arratsaldeko lauretatik aurrera gauzatuko da eskolaren eraikinean bertan, 'Camino al Puerto Viejo' helbidean. Aurretik bazkari bat egingo da San Ignacio-ko Club del Rio-n, eta bertan Eusko Etxeak koadro bat emango dio Iñaki Galdosi, 'Ohorezko bisitari' gisa izendaturik. Egitaraua, 16:00etatik aurrera hauxe izango da:

-Ongietorria jatorrizko hizkuntzetan, guaraniz eta euskaraz, hain zuzen; eta gaztelaniaz

-Hiru bandera bertan: argentinarra, jatorrizko herriena eta ikurrina

-Eusko Etxeko ordezkari baten hitzak

-Plaka bat desestaliko du Eusko Etxeak

-Zerrenda-mozketa. Eskolan sartzea

-Musika eta kantu guaraniak, komunitateko haurren eskutik

-Bi arbola andatuko dira, esanguratsuak Euskal Herrikoentzat eta Misioetakoentzat: haritza eta palmera pindó

-Opari bat (eskuz egindakoa) emango dio Tavá Mirí hezkuntz-komunitateak gipuzkoar diputatuari

[Ekitaldi honen ondotik, Eskolak, epe laburrean, beste inaugurazio bat egingo du, Hezkuntza Ministerioak finkatutako araien arabera]

Iñaki Galdos Argentinan bisitari

Azkeneko asteko hondarreko egunetan heldu da Argentinara Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Ekintza eta Kirol diputatu Iñaki Galdos. Kirol arloko diputatu den aldetik --eta realzale amorratua gainera--, Galdosek onartu egin zuen Argentinako Realaren Peñatik egin zioten bestelako gonbidapen bat, izan ere Reala eta Bartzelona futbol taldeak joan den larunbatean Anoetan jokatu zuten partida La Platako euskal jatetxe baten bildutako peñako kideekin internetez ikusteko. 2-1 irabazi zuen Realak, eta egoki ospatu zuten.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia