‘Siembra y cosechas’ eta ‘Cruzando alambradas y abriendo tranqueras’ dira bi liburuon izenburuak. Bertan, Saladillo jaioterrian (Buenos Aires probintzian) zein gaur egun bizileku duen Corpus Christi herrian (Argentinako Misiones probintzian) bizi izandako hainbat pasadizo kontatzen ditu Olga Leiciagak. Oroitzapen horietan euskal jatorriaren eragina ere nabarmentzen du Saladilloko eta Corpus Christiko euskal etxeen sortzaileetako bat izan zen Leiciagak.
Saladillo, Argentina. Airkezpena azaroaren 17an egin zen, Saladilloko Euskal Etxean. Jende asko bildu zen Itxaropen-era, tartean bazkide eta lagunak eta baita Leiciagaren ikasle ohiak ere. Ez dezagun ahaztu urteetan jardun zuela irakasle Olga Leiciagak Saladilloko zenbait eskolatan. Eta liburuetako bat, ‘Siembra y cosechas’, berez berria ez bada ere – 2012koa da–, ‘zorretan’ sentitzen zen nolabait saladillotarra bere sorlekuarekin. “Baneukan ohorezko zorra Saladillorekin, liburua hemendik joan nintzenean idatzi nuelako eta ez nuelako hemen aurkeztu". "Eta liburuan Misionesi buruz hitz egiten badut ere, nire jaioterriarekin eta hemengo nire euskal arbasoekin lotuta dauden istorio ugari kontatzen ditut. Liburuaren hasieran nire euskal berraiton-amonei zuzendutako olerki bat dago eta liburuan zehar bi leku hauek, Misiones eta Saladillo, batzen ditut nire bizitzaren pasadizoetan”, aitortu dio EuskalKultura.com-i.
Ekitaldi berean, aurten argitaratutako “Cruzando alambradas y abriendo tranqueras” liburua ere aurkeztu zuen Misionesen bizi den saladillotarrak. Testu honetan, sorleku izan zuen Saladilloko landa eremuko Emiliano Reynoso herrixkako tokiak eta herrikideak deskribatzen ditu. Baina liburuan Misionesen Komunitate Guaraniarekin daukan harremanaz mintzatzen da Leiciaga eta baita ere, azkenik, Euskal Herrira egin zuen bidaiaz, eta Zuberoan, hain zuzen, aitaren aldeko aiton-amonen lekuak ezagutzeko izan zuen aukera bikainaz.
Olga Rosa ‘Kerechú’
Harreman estua dauka Olga Leiciagak Misiones probintziako Herri Guaraniarekin. Azpimarratzekoak dira Olga buru duen euskal etxeak guaranien alde –eta euren kultura zabaldu eta begi bistan ipintzeko– egiten dituen ekintzak. Aurten bertan, urrunago joan gabe, literatur lehiaketa hirueleduna antolatu du euskal etxeak, gaztelaniaz, euskaraz eta mbya-guaranieraz.
'Cruzando alambradas y abriendo tranqueras' liburuan Leiciagak harro kontatzen du guaranien buruzagi batek izen guarani batekin bataiatu zuela: "Olga Rosa Leiciaga ‘Kerechú’ izenarekin sinatu dut liburu hau, izen hori eman baitidate guaraniek. ‘Kerechú’ hitzaren esanahia ‘denboraren jabea’ da; eta orain komunitate indigena batera joaten naizenean izen horrekin aurkeztu behar dut nire burua eta nork jarri didan adierazi", esan digu. "Txikitan pentsatzen nuen banuela Argentinako bertako biztanleen odola, ez dakit zergatik. Eta haserretu egiten nintzen norbaitek indigenen kontra hitz egiten zuenean; negargura sortzen zitzaidan… eta egiari zor, gaur egun ere hala gertatzen zait…”.