euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Corpus Christiko Eusko Etxearen 2016ko Euskal Jaiak Loiolako San Inazio izan zuen gai nagusi

2016/09/02

Euskal gizataldeko lagunak izan ziren San Inazio prozesioaren buru
Euskal gizataldeko lagunak izan ziren San Inazio prozesioaren buru

PUBLIZITATEA

Programa oparoa eskaini dio aurten ere Misiones probintziako Corpus Christiko Eusko Etxeak bere komunitateari, Loiolako Inazio Deunaren eguna dela eta antolatutako jaian. Hiru egunetan zehar, mota askotako ekintzak egin ziren bai Corpus Christin bai San Ignacio herrian, beti ere Gipuzkoako Patroiaren irudia nabarmenduz.

Corpus Christi, Argentina. Uztailaren 29tik 31ra izan zen Eusko Etxearen Loiolako Inazio Deunaren omenezko Euskal Kultur Jaia eta aurreko edizioetan bezala, eskaintzaren barruan, zine emanaldiak, hitzaldiak, topaketak eta elizkizunak egin ziren.

Zinemari dagokionez, Euskal Zinema Ibiltariaren arduraduna den Carlos Gabilondoren eskutik, laburmetraia bat eta bi pelikula proiektatu ziren San Ignacio Elizan: uztailaren 29an, Asier Altuna zuzendariaren Plazatik plazera laburmetraia eta Amama filma; uztailaren 30ean, ordea, Imanol Uriberen Segoviako ihesa. Ohikoa den legez, pelikulak ikusi eta gero hainbat hausnarketa eta iritzi partekatu zituzten ikusleek, Gabilondo moderatzaile.

Hitzaldiak

Etxeko laguna den Cesar Arrondok aurten ere hartu zuen parte Corpus Christin egindako jaian eta beste ekintza batzuen artean, bi hitzaldi eskaini zituen: “Frankismoa, ETAren sorrera eta Euskal Presoen gaur egungo egora” izenpean, Arrondoren lehenengo mintzaldia San Ignacio Elizan izan zen; bigarrena, ordea, Euskal Diasporari buruzkoa, Euskal Etxeko egoitzako Euskaldunberri izeneko galerian.

Elizkizunak, San Inazioren omenez

Corpus Christiko Eusko Etxeak urtero antolatzen duen bere Euskal Jaia uztailaren azken egunetan izaten da Loiolako Iñaki Deunaren Eguna ospatze aldera. Hori dela eta, aurtengo jaialdiaren hainbat ekimen San Ignacio herriko elizarekin batera eta elizan bertan egin ziren. Ekintza erlijiosoak gailendu ziren aurtengo programan.

Izan ere, Euskal Jaiaren lehenengo egunean ekainaren 18an Santiago del Estero probintziatik atera zen 'Peregrinación Brocheriana'ri egin zioten harreran Euskal Etxeko lagunek. Erromesak San Inazio jaian parte hartzeko iritsi ziren Misionesera eta ibilbide osoan eraman zuten Brochero Apaizaren irudia, San Ignacio Elizan utzi zuten, Iñaki Deunaren erlikiaren ondoan.

Elizkizunekin jarraitzeko, uztailaren 30ean meza eskaini zuen Posadasko Santos Martires parrokiko apaiza jesuita den Chuco Villarrek. Behin amaituta, Loiolako santutegiari buruzko azalpen bat eskaini zuten Corpus Christiko Eusko Etxea-ko kideek.

Uztailaren 31an bertan, mezan ez ezik San Inazioren omenezko prozesioan ere hartu zuten parte Euskal Etxeko lagunek iaz lortutako San Inazioren erlikia eramanez.

Iparraldeko Euskal Etxea lagun

Iaz bezala, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeko ‘Alkartasuna’ izeneko gastronomia taldea arduratu zen San Inazio afariaz. Cesar Arrondo buru, paella erraldoi bat prestatu zuten sukaldariek festari amaiera emateko.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia