euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Corpus Christiko Eusko Etxeak Literatur Lehiaketa hirueleduna abiarazi du, gaztelaniaz, euskaraz... eta mbyá-guaraníz

2017/03/08

‘Kontaketa Harrigarriak’ lehiaketaren 8. edizioko sarian 2016ko Euskal Jaian banatu ziren. Argazkian saridunak eta jaira bertaratu ziren euskal kolektibitateko hainbat lagun (argazkia EE)
‘Kontaketa Harrigarriak’ lehiaketaren 8. edizioko sarian 2016ko Euskal Jaian banatu ziren. Argazkian saridunak eta jaira bertaratu ziren euskal kolektibitateko hainbat lagun (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Corpus Christiko Eusko Etxeak urtero egiten duen ‘Kontaketa Harrigarriak’ Literatur Lehiaketa bere 9. ediziora iritsi da eta antolatzaileek urrats berri bat eman nahi izan dute, izan ere orain arteko gaztelaniazko lehiaketari beste bi atal gehituz eta bertako mbyá-guarani hizkuntza eta euskara ere sartuz. Horretarako SADEM (Misionesko Idazleen Elkartea), Buenos Aireseko Euskaltzaleak eta Yacutingako Bigarren Hezkuntzako Eskola Elebiduna lankide izango dituzte. Epea lanak aurkezteko, maiatzaren 31.

Corpus Christi, Argentina. ‘Kontaketa Harrigarriak’ Literatur Lehiaketaren edizio berri bat abiarazi du Corpus Christiko Euskal Etxeko Atahualpa Yupanqui Liburutegiak, aurten nobedade interesgarri batekin. Deialdia zabalagoa izango da eta lanak, gaztelaniaz ezezik, euskaraz eta mbyá-guaraníz ere aurkeztu ahal izango dituzte interesatuek, lehiaketa. beraz, hiru hikzuntza haietakoa bilakatuz.

Zalantzarik ez, ekarpen polita dela eta Argentina osoan bakarra eta lehenago baino bereziagoa bilakaten duela euskal etxe txiki baina erabat aktibo eta konprometitu honek egiten duen proposamen berria, modu integratzailean gainera, inguruarekin eta arlo honetako beste elkarte batzuekin lankide antolatzen baitu, ekarpena egin nahi denean kualitate eta tasunik behinena borondatea, irudimena eta konpromisoa direla agerian utziz.

2017 honetako lehiaketaren gaia ‘Agerpen misteriotsuak’ izango da eta lanak bidaltzeko epea maiatzaren 31a finkatu da. Lehiaketan parte hartzeko oinarriak berdinak dira hiru hizkuntzentzat, honakoak:

IX. ‘Kontaketa Harrigarriak’ Literatur Lehiaketa:

Gaia: Agerpen misteriotsuak. Idazlanaren izenburua ez da deialdiaren gaia/izenburua izango
Aurkezpena: lanak gaztelaniaz, euskaraz edo mbyá-guaraníz aurkeztu ahal izango dira eta argitaragabeak behar dute izan. Kontaketek hiru orrialdeko luzera izango dute gehienez; A-4 tamainan; letra Arial 12 neurrikoa; lerroartea 1,5.   

Lanak bidaltzeko epea: maiatzaren 31an bukatuko da, eta e-postaz edo posta arruntez bidali ahal izango dira:

a) E-postazrelasombroso5@gmail.com helbidera bi artxibo bidali behar dira. Batean idazlana bidaliko da eta idazlanaren amaieran, egilearen ezizena. Beste artxiboan, egilearen datuak: egilearen ezizena, izen-abizenak, jaiotze data, NA, helbide postala eta helbide elektronikoa.

b) Postaz: a) puntuan aipatzen diren datuak, helbide honetara bidali behar dira: Eusko Etxea, Suiza kalea (Francisco Monaco eta Av. Los jesuitas kaleen artean). Posta kodea: 3327, Corpus Christi, Misiones, Argentina.

Epaimahaia: Hizkuntza bakoitzeko hiru adituk osatuko dute epaimahaia, eta ekainean erabakiko dute zeintzuk diren irabazleak..
Sariak: Lehenengo bost irabazleek Liburua eta Diploma bana jasoko dituzte. Hamar aipamen berezi ere egongo dira, eta hauek diplomak jasoko dituzte. Sari-emanaldia uztailaren 23an izango da, Eusko Etxeak antolatuko duen Argentinar, Euskal eta Mbya-Guaraní Kultur Jaian.

Apustu handia Misiones probintziako txoko batetik

Corpus Christiko Eusko Etxea, txikia eta gaztea da –2015ean ospatu zuen bere 10. urteurrena– baina hala ere ez da kikiltzen erronken aurrean. Sortu zenetik, lan handia egin du Misiones bertako komunitateen alde, elkartasuna ezaugarri, euren kultura lantzeko tresnak emanez eta baita gizartean ezagunagoa bilakatzeko ere. Helburu honekin “ezohiko desafio berri" honi ekingo dio aurten: Literatur Lehiaketan gaztelania, euskara eta mbya-guaraní hizkuntzetako hiztunek hartu ahal izango dute parte.

Euskal Etxeak hizkuntza hauetan erreferente diren hiru erakunde hautatu ditu lankide. Gaztelaniazko deialdiari dagokionez, Misionesko Idazleen Elkartea lankide izango da epaimahaian. Euskarazko irabazleak Buenos Airesko Euskaltzaleak Euskaltegiak hautatuko ditu; eta, mbya-guaraníz idatzitako testuak Yacutingako Bigarren Hezkuntzako Eskola Elebiduneko hizkuntza eta literatura irakasle Jorgelina Duartek aukeratutako irakasleek aztertuko dituzte.

Zorionak ekimen berriagatik! (zabaldu mesedez deialdiaren berri, merezi dute-eta oihartzuna eta partaidetza)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia