Corpus Christi, Argentina. Arte tailer bat jarri du martxan joan den larunbatean Misiones probintziako Corpus Christiko Eusko Etxeak bi helburu gogoan: esgrafiatzeko teknika erabiltzen ikastea eta mural tematiko bat egitea. Tailerrak lau klase izango ditu eta landuko du, besteak beste, euskal eta jesuitiko-guarani kulturen sinbolo eta ikurgintza, koloreen konposizioa eta esgrafiatzeko teknika. Aldi berean tailerreko ikasleek Plazoleta de los Vascosen (Euskaldunen Plazatxoan) murala egiteko materialak prestatuko dituzte..
Murala bera, tailerreko azken klasean, esan nahi baita ekainaren 1ean margotuko du Misionesko 'artista' talde honek, goizeko 8etan hasita. Amaitzen dutenean, horma-irudia enparantza txikiko edergarri geratuko da, Eusko Etxeak iaz bertan landatutako haritza bezala.
Datozen hiru larunbatetan garatuko da Valeria Garibotti artista plastikoa arduradun izango duen tailer hau, Eusko Etxeko Olga Leiciaga eta Estela Garma lagun.