euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Corpus Christiko Eusko Etxea partaide stand batekin Eskualdeko Liburu Azokan: Olga Leiciaga bere liburu aurkezle

2024/07/09

Zenbait libururen egile da Olga Leiciaga. Irudian, Eusko Etxeko standean, batxilergo ikasleak euren euskal abizenei buruz galdezka dituela
Zenbait libururen egile da Olga Leiciaga. Irudian, Eusko Etxeko standean, batxilergo ikasleak euren euskal abizenei buruz galdezka dituela

PUBLIZITATEA

Corpus Christi, Argentina. Bigarren urtez, Eskualdeko Liburu Azoka gauzatu dute Misioneseko Corpus Christin, ekainaren 14an, ostiralez. Batxilergo Orientazio Balioaniztun 14 zenbakidun “Santa Rita” antolatzaile, ekitaldiak irakurleen eta idazleen arteko elkargune eta zubigile izatea hartu zuen helburu. Ekimena arrakastatsua izan zen oso eta probintziako eta herri mailako agintarien, ikasle/irakasleen eta irakurle eta bizilagunen laguntza eta partaidetza izan zuen. Bertaratutakoen artean, Corpus Christiko Eusko Etxeko "Atahualpa Yupanqui" liburutegia, euskal kultura argitalpenak zabaltzeko stand batekin. Horrez gain, Olga Leiciaga irakasle eta Eusko Etxearen fundatzaileak bere "Cruzando alambradas y abriendo tranqueras" (Alanbre-hesiak gurutzatuz eta bortak irekiz) liburuaren aurkezpena egin zuen.

Udal eta probintziaren interesekoa izendatutako topagune honek parte-hartzaile ugari bildu zituen standen bi aldeetan eta, besteak beste, eskualdeko hainbat hezkuntza-erakundek hartu zuten parte. Bertan ikus zitezkeen ikasleen, liburu-denden eta Misionesko idazleen ekoizpenen standak, eta probintzia osoko idazleek euren liburuen aurkezpenak egin zituzten aurrez aurre irakrle edo irakurlegaiekin. Erakusketa bat ere zabaldu zen Corpus Christiko Jesuiten Erredukzioei buruz, eta euren lekua izan zuten programan ikuskizun artistiko eta antzerki-emanaldiek ere. Azokaren esparru horretan egin zen Olga Leiciagaren liburuaren aurkezpena.

"Alanbre-hesiak gurutzatuz eta bortak irekiz"

Aretoa mukuru, Misioneseko Eusko Etxeko erreferente dena, inguruko eskoletako ikasle ugarik osatzen zuen entzulegoari zuzendu zitzaion, hauek interes handiz jarraitu zutelarik idazlearen aurkezpena. Lan autobiografikoa du "Cruzando alambradas y abriendo tranqueras" (Ediciones Misioneras, 2017) eta bertan bere bizitza aberatsean bizi izan dituen hainbat pasarte biltzen ditu, tartean jaio zen Saladilloko Emiliano Reynoso haurtzaroko istorioak, Misiones probintziara iritsi zenekoa, guaranien kulturarekin topo egin zuenekoa, baita nagusi zela Zuberoa bisitatu zuenekoa ere, birraitona-amonen jaioterrira egindako bisitak eragin ziona barne. Lana batxilergoko ikasleek ikasgeletan landu dute euren eskoletan, Eskualdeko Liburu Azokako koordinatzaile eta bultzatzaile den Juana Fleitas irakaslearen eskutik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia