euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Corpus Christiko EEak burutu du ametsa: mbya-guarani komunitateko haurrentzako eskola berria eraiki du

2011/04/18

Hau da Corpus Christiko Euskal Etxeak eraiki duen eskolak duen itxura (argazkia CorpusChristiEE)
Hau da Corpus Christiko Euskal Etxeak eraiki duen eskolak duen itxura (argazkia CorpusChristiEE)

PUBLIZITATEA

Corpus Christiko euskal etxe argentinarra une gozoa ari da bizitzen. Batetik, bere literatur lehiaketaren hirugarren edizioak arrakasta handia izan du eta jaso duen idazlan andanak aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Bestetik, azken urteotako ekimen kuttunetako bat burutzeko zorian dago elkartea: mbya-guarani komunitateko haurrentzako eskola berri bat erakitzea. Eraikina bukatua dago jada eta hil honen bukaera emango diote komunitateari. Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu du ekimena eta Iñaki Galdos, Kanpo Harreman eta Kirol diputatua, bertan izango da ekitaldian parte hartzeko.

Corpus Christi, Argentina. Eusko Etxea elkarteak bere ametsetako bat bete du aurten: Tava Miri-ko mbya-guarani komunitateko haurrentzako eskola berria eraikitzea. Eraikina Don Orione fundazioak dohaintzan emandako lurretan egin dute, eta euskal etxeak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du ekimena burutu ahal izateko. Eraikina San Ignacioko 44. eskolaren errefortzu gela izateko planteatu bazuten ere, azkenean berau ere eskola bihurtuko da, ikasle asko dituelako dagoeneko.

Ekimenean parte hartu duten kideen artean euskal etxeak azpimarratu nahi izan du Mamen Maestu bazkidearen ekarpena. Mamenek zuzentzen duen “Benigno Maestu” fundazioaren bidez, eskolak ikas-material dohaintza handia jaso du. Maestu iragan apirilaren 9an izan zen bertan, eskolaren eraikina ikusteko, eta komunitateko haurrek ongi etorri beroa egin zioten, guarani hizkuntzan abestuz. Maestuk haurrekin batera argazkiak atera zituen, eta argazki horiek eskolaren historiaren parte bezala gordeko dituzte komunitateko arduradunek.

Aurre-inaugurazioa

Eskolaren inaugurazio ofiziala Tava Miri komunitateak egingo badu ere, hil honen bukaeran euskal etxeak aurre-inaugurazio ekitaldi bat egingo du, eraikina mbya-guarani herriari emanez. Ekitaldiaren data oraindik zehaztu gabe dago, baina euskal etxeak jakinarazi duenez bertan izango da Iñaki Galdos, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Harreman eta Kirol alduna.

"Baloreei dagokienez, asko daukagu ikasteko gure herrikide mbya-guarani-engandik", azaldu du Eusko Etxeko Olga Leiciaga lehendakariak. "Ez dakite norberekeria zer den, euren Jainkoak ematen diena partekatzeko dute eta. Eta hori ezin da ordaindu".

Literatur lehiaketaren arrakasta

Elkartea oso pozik agertu da baita ere “Relatos asombrosos III” literatur lehiaketak izan duen arrakasta dela eta. Harrera oso ona izan du lehiaketak, Argentinan ez ezik atzerrian ere, eta 180 ipuin jaso dira guztira. Kopuru horrek lanen hautaketa prozesua atzeratu egin du eta euskal etxetik azaldu dutenez epaimahaiaren erabakia maiatzaren bukaera aldera jakinarazi ahal izango dute. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia