Gogoz jarraitzen du lanean Misiones probintzia argentinarreko Corpus Christiko Eusko Etxeak eta urtez urte sendotu egiten da aurrera daramatzan proiektuetan. Atahualpa Yupanqui izena daraman bere Liburutegiak sortutako Idazlan Lehiaketa, Nazioarteko Lehiaketa izatera iritsi zen denboraren poderioz. Azken egun hauetan kaleratu dituzte 2016ko edizioko oinarriak. Lanak bidaltzeko epea maiatzaren 31an bukatuko da eta sari-emanaldia uztailean egingo, Kultur Jaiaren baitan.
Corpus Christi, Argentina. Beroa gorabehera, ez dute atsedenik hartzen Corpus Christiko Eusko Etxeko lagunek eta hori prest dauzkate dagoeneko euren Literatur Lehiaketan parte hartzeko jarraipideak. Urtero bezala, 'Kontaketa harrigarriak' du izena proposamenak baina antolatzaileek EuskalKultura.com-i berretsi diotenez, "horrek ez du esan nahi aurtengo ipuinen gaiak itsuan eta itxian fantasiazkoa izan behar duenik. Gaia 'Bizitza historiak' izango da; izan ere, bizitza bera da-eta harrigarria", adierazi dute.
Idazlan Lehiaketaren Oinarriak (Lanek argitaragabeak behar dute izan)
Kategoria: helduak
Luzera: kontaketek hiru orrialdeko luzera izango dute gehienez; A-4 tamainan; letra Arial 12 neurrikoa; lerroartea 1,5.
Lanak bidaltzeko epea: maiatzaren 31a bukatuko da.
Bidalketa: idazlanak eskuz-esku, postaz edo e-postaz bidali ahal izango dira:
-Postaz: Bidali helbide honetara: Eusko Etxea, Corpus Christi, Suiza kalea (Francisco Monaco eta Av. Los jesuitas kaleen artean). Posta kodea: 3327, Corpus Christi, Misiones, Argentina, helbidera.
-E-postaz: relasombroso5@gmail.com helbidera bi artxibo bidali behar dira. Batean idazlana jarriko da eta idazlanaren amaieran, egilearen ezizena. Beste artxiboan, egilearen datuak: Izen-abizenak, jaiotze data, DNI eta helbidea.
Epaimahaia: Eusko Etxeak hautatutako bost aditu izango dira epaimahaikideak eta uztailaren erdialdera jakinaraziko dituzte emaitzak.
Sariak: Lehenengo bost irabazleek liburua eta diploma bana jasoko dituzte. Hamar aipamen berezi ere egongo dira, eta hauek diplomak jasoko dituzte. Sari-emanaldia uztailaren 30ean izango da, Eusko Etxeak antolatutako Euskal Kulturaren Jaian.
Honi lotuta, eta nahiz eta oraindik hilabete batzuk falta diren, euskal elkarteko Olga Leiciagak iragarri du urtero bezala uztailean egingo dela eta programaren barruan, Euskal Zine Ziklo bat eskainiko dutela, Carlos Gabilondoren eskutik, San Ignacio herrian.