euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Corpus Christi-ko Euskal Etxeak hiru urte beteko ditu abuztuan euskal kultura sustatzen Argentinako Misionesen

2008/08/05

Bilkura Corpus Christiko Euskal Etxean
Bilkura Corpus Christiko Euskal Etxean

PUBLIZITATEA

Hiru urte beteko ditu abuztuaren 26an Corpus Christi-ko Euskal Etxeak, Misiones probintzia argentinarrean, eta elkarteko lehendakari Olga Leiciagak atzera begiratua egin du EuskalKultura.com-en orrialdeetan, bide honetan burututako ekitaldi eta lorpenen balioespena eginez. Mintzaldiak, euskal kulturaren sustapena eta herriko bizitza sozial eta kulturalean parte hartzea izan dira elkartearen nortasun ezaugarriak denbora honetan. Eta etorkizunerako proiektu berriak dituzte dagoeneko esku artean.

Corpus Christi, Argentina. Corpus Christiko Euskal Etxea '2005eko abuztuaren 26ean sortu zen, “Eusko Etxea” izenarekin', azaltzen du Olga Leiciaga lehendakariak. Baina hau ez zen Olgak sortzen ikusten zuen lehenengo euskal etxea, izan ere 1998an Saladillon bizi zela, bertako Itxaropen Euskal Etxea sortu zuen taldean izan baitzen Leiciaga.

'Orduan banekien Misionesera bizitzera etorriko nintzela eta Itxaropenekoek, euskal etxearen dokumentazioa FEVAra eraman zutenean, zera adierazi zuten: ni ez nintzela Zuzendaritza Batzordean agertzen Misionesera nindoalako eta han euskal etxe bat sortzen laguntzeko asmoa nuelako', gogoratzen du euskal argentinarrak. Lagunek berarengan jarri zuten konfiantzak suspertuta, Leiciagak Misionesetik gertu dagoen Posadaseko "Euskal Jatorri" Euskal Etxearen sorreran lagundu zuen, eta, ondoren, Corpus Christiko Euskal Etxearen sorkuntzan ere bai.

'Posadasen “Euskal Jatorri” sortu genuen baina Corpus Christi-tik 80 km-tara zegoen eta taldeko zazpi kidek gure herrian bertan beste euskal etxe bat egitea erabaki genuen', gogoratzen du. 'Kide hauek Ana María Macchi Echagüe, Ramona Glady Ferragut, Verónica Ballestero, Guillerma Martínez Basabe, Vicenta Olite de Nieto, Pedro Félix Guridi eta ni neu izan ginen'.

Orain arteko lorpenak

Harrez gero euskal etxea hazi egin da urtetik urtera, bazkide gehiago eskuratuz eta ekimen berriak garatuz. Lorpen nagusien artean bere egoitza propioa eskuratzea aipa daiteke, beti ere herriko erakundeen laguntza eta babesarekin. Euskal Etxeak Corpus Christiko bizitzan laguntasun handia ekarri du, ekitaldi kulturalak antolatuz, herrian sortzen ziren beste elkarteei lagunduz, eta abar.

Denbora honetan eginiko ekitaldi batzuk aipatzearren, lehendakariak Gernikaren bonbardaketaren urteurrena edo Corpus Christin eta inguruko herrietako jaietan eginiko desfile eta erakustaldiak dakartza gogora, besteak beste. Euskal Etxeak 2007an Eusko Jaurlaritzaren onespen ofiziala lortu zuen. 

Datozen ekimenak

Datozen hilabeteetarako ekimen berriak prestatzen ari da euskal etxe gaztea. Horien artean aipagarria da internet bidezko euskara ikastaroen eskaintza. 'Interesa agertu duten pertsona dexente ditugu dagoeneko', azaltzen du Leiciagak. Euskal Etxeak gainera Euskal Zinema ziklo bat hasi du, hilean film bat eskaintzeko asmoarekin. Emanaldiak Herriko Aretoan egingo dituzte, udaletxeak utzita. 'Gure herrian eta ingurukoetan ez dago zinerik, eta filmeak DVD bidez baino ezin daitezke ikusi. Baina gutxik dute filmeak erosteko aukera', agertzen du euskal elkarteko lehendakariak.

Beste proiektu interesgarri bat euskal immigranteen Bizi Istorien Bildumarena da, herriko euskaldunen testigantza jasotzen duena. Ekimena María Isabel Beitia de Zabala eta Elordi Aguirre familiarekin hasi zuten eta aurten eta datorren urtean Leiciaga Arrospide, Diturbide eta Aizcorbe familiekin jarraituko dute.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia