euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Corpus Christi herriko Eusko Etxeak San Inazioren omenezko Euskal Kultur Jaiaren egitaraua plazaratu du

2012/07/16

Corpus Christiko Eusko Etxea-ko Lagun Artean antzerki taldea (argazkiaEE)
Corpus Christiko Eusko Etxea-ko Lagun Artean antzerki taldea (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Loiolako San Inazio eguna dela eta, hiru eguneko Euskal Kultur jaia antolatu du Misiones probintziako Corpus Christiko Eusko Etxeak uztailaren azken astebururako. Bertoko eta kanpoko euskaldunak biltzeko asmoa duen festak egitaraua oparoa eskainiko du eta hiru egunetan zehar mota askotako ekintzak garatuko dira, tartean txangoak, herri kirolak, umeentzako jokoak, hitzaldiak, antzezlanak, eta dantza eta musika ikuskizunak. Jaia datorren asteko ostiralean hasiko da, gonbidatuen harrerarekin turismo etxetxoan –San Ignacio hiriko sarrerako arkuan- eta igandean, 29an, bukatuko da despedida bazkari bateekin. Jaia Probintziaren interesekoa izendatu dute Misioneseko agintariek.

Corpus Christi, Argentina. Uztailaren 27tik 29ra luzatuko da San Ignacio herriko Udalarekin batera Corpus Christiko Euskal Etxeak burutuko duen Euskal Kultura Jaia. Proposamenak ez du aurrekaririk Argentinako Mesopotamiako eskualde honetan eta lagun ugariren esfortzu, atxikimendu eta lanaren emaitza da. Hona ekintza eta ordutegien programa eguneratua:

Uztailaren 27an, ostirala

-Gonbidatuei harrera turismo etxetxoan (San Ignacio hiriko sarrerako arkuan).
-Goizeko 10etan: ‘Kontaketa harrigarriak’ lehiaketaren IV. edizioko sari-emanaldia. ‘Kontaketa Harrigarriak’ lehenengo bildumaren aurkezpena.
-Eguerdiko ordu 1ean: lagun arteko bazkaria, literatur lehiaketaren irabazleekin.
-Turismo txangoak San Ignacio herrian. (San Ignacioko Udalak Literatura lehiaketaren irabazleei emandako saria). Bisitatuko diren tokiak: Horacio Quirogaren etxe-museoa; Teyú Cuaré-ko haitza; Teyú Cuaré-ko ‘Las tacuaritas’ orkidea-landa; Ibai kluba; ‘San Ignacio Miní’ Jesuiten aztarnak. Argi eta soinu ikuskizuna.

Uztailaren 28an, larunbata

-Arratsaldeko 4etan, ‘Euskal diasporaren sorrera eta garapena’ hitzaldia Cesar Arrondo irakaslearen eskutik. Lekua: herriko Club Social-ean. Euskal etxetik eskertzen diote FEVAri hizlariaren bidaia-gastua bere gain hartzeagatik.
-Arratsaldeko 5:30etan, Danborrada tailerra Dario Senaren ardurapean. Ekintza irekia izango da.
-Arratsaldeko 7:00etan, Meza Loiolako San Inazio Parrokian.
-Arratsaldeko 8:00etan, Jai handia San Ignacion. Parrokietako taldeekin batera antolatutako ekintzak.  Kalejira eta danborrada elizatik Independentzia Plazara, Santo Pipo herriko udalaren babesarekin. Kalejira Jose Acuñaren zuzendaritzapean.
-Iluntzeko 8:45etan, ‘Sutzar euskal argentinarra’. Euskal etxeko ‘Lagun Artean’ antzerki taldearen ‘El Casorio’ antzezlana. Obran Florencio Molina Campos margolariak sortutako pertsonaiak agertuko dira. Eskualdeko artista folklorikoen emanaldiak. Lagun arteko afaria. Lekua: La Familia jatetxean.

Uztailaren 29an,

-Goizeko 10etan, Literatur apiknika. Jolas-jarduerak. Lekua: Horacio Quirogaren etxe-museoko parkean. Antzerki irakurria: Horacio Quirogaren ‘La guerra de los yacarés’ eta San Ignacioko ‘Cuenta Cuentos’. Euskal kultura: mitologia. Mari pertsonaiari buruzko antzezlana. Eusko Etxea-ko Lagun Artean taldeak, umeek eta gazteek hartuko dute parte.  Jolasak: herri kiroletan oinarrituak Mirta Sersing gorputz-hezkuntzako irakaslearen ardurapean. Kirol txapelketak San Ignacioko ikasleekin. Sariak irabazleentzat. Horacio Quirogaren etxe-museorako bisitak (Sarrera dohainik taldeentzat).
-Eguerdian, Azken Agur Bazkaria, kolaboratzaile guztiei eskertzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia