euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Coronel Pringles: Zuzendaritza berritu du Eusko Biltzar-ek eta Euskal Aste Nazionalean egongo da Eusko Alaia koralarekin

2023/09/28

Pringlesko Eusko Biltzarreko Zuzendaritza batzordekide Patricia Rapeti, Marta Urruti, Carlos Pérez, Adriana Bermúdez, Maritza Iriberteguy
Pringlesko Eusko Biltzarreko Zuzendaritza batzordekide Patricia Rapeti, Marta Urruti, Carlos Pérez, Adriana Bermúdez, Maritza Iriberteguy

PUBLIZITATEA

Coronel Pringles, Argentina. Coronel Pringlesko Eusko Biltzar Euskal Etxeak agintariak berritzeko batzarra egin zuen abuztuan eta bertan lehendakari berri hautatu zuten Carlos Alberto Pérez, EEko Eusko Alaia abesbatzako kide den bazkidea. Elkarteak finkatu dituen berehalako xedeen artean, azaroan Necocheako Euskal Aste Nazionalean parte hartzea dago, ordezkaritza zabal batekin, eta horretarako zenbait jarduera antolatu eta dirua biltzeari ekin diote.

EuskalKultura.eus-ekin solasean, elkarteko lehendakari berriak jakinarazi du gogoz ari direla lanean eta irail honetan bertan “Immigrantearen Egunerako, txistorra egin genuela, guk geuk hestebeteta". "Oso ondo joan zitzaigun eta espero genuen guztia saltzea lortu genuen", diosku satisfazioz. "Egoitzan arreta merezi duten zenbait gauza ditugu hobetzeke, eta gutxinaka-gutxinaka egiten joango gara", azaldu du baikor Carlos Pérezek.

Gogor sentitu zuten pandemiaren kolpea, baina egun engaiamenduz eta tinko ekin diote geroaren aldeko borrokari. Euskal Aste Nazionalera doaz, "garrantzitsua baita, bai festa egitea, baita erronka eta kezkak partekatzea ere"

Eusko Biltzarreko Zuzendaritza berriak bazkide gehiago batzea ezarri dio bere buruari helburu. Veronica Iriartek, euskal etxeko lehendakari ohiak eta Zuzendaritza berrian idazkari denak, aitortzen digunez “Pandemiaren ondoren, Zuzendaritza Batzordea berritzea ez zen lan erraza izan. Pandemiak gogor jo gintuen, garai gogorra izan zen oso elkarte gisa geldirik egotea, bildu ezinik”, baina emeki-emeki eta ahalegin handiz aurrera doaz.

Gogora dezagun hauek direla Eusko Biltzar-eko Zuzendaritza Batzordea osatzen duten bazkideak:

- Lehendakari: Carlos Alberto Pérez 
- Lehendakariorde: Juan Jose Olasagastia  
- Idazkari: Verónica Iriarte
- Idazkariorde: María Ibargoyen
- Diruzain: Marcelo Garizoain
- Diruzainorde: Miriam Zabala
- Batzordekide titularrak: Patricia Rapetti, Blanca Volpi, Ana Sbrancia
- Batzordekide ordezkoak: Maritza Lencina, Dante Castillo, Graciela Acosta
- Kontu ikuskatzaile titularrak: Maritza Iribertegui, Adriana Bastard, Francisco de Uriarte
- Kontu ikuskatzaile ordezkoak: Marta Urruti, Patricio Lassallette

Laster mus tailerra egingo dute eta, epe luzeagoan, dantza talde bat osatu nahi dute. Era berean, euskal gaiei buruzko mural bat egiteko asmoa mahaigaineratu dute, bertako artistekin lankide.

Omenaldia Oscar Madinaveitiari

 
Eusko Biltzarraren lehendakari Carlos Alberto Pérez eta eskuinean EEko kide Oscar Madinaveitia

Bestalde, Eusko Biltzarreko lagunek poz handiz hartu zuten euskal etxeko kide Oscar Madinaveitiari, bertako euskal komunitatearen ordezkari gisa gorazarra egin ziotenean immigranteen hilabete honetan. Omenaldia “La Cantina de los Inmigrantes” izenekoaren baitan egin zen, Immigrantearen Egunarekin bat Pringlesen duela 40 urte baino gehiago egiten den ikuskizun eta gastronomia ekitaldi tradizionalean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia