euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Coronel Pringles-ko Euskal Etxeak Gernikari buruzko erakusketarekin ospatuko du bere 23. urteurrena

2013/08/02

Inaugurazioa joan den abenduan Coronel Pringlesko EEaren egoitzan, Euskal Bitxingintza erakusketarena, hormetan eskegita dagoela Euskal Baserriei buruzko argazki erakusketa (irudiaEE)
Inaugurazioa joan den abenduan Coronel Pringlesko EEaren egoitzan, Euskal Bitxingintza erakusketarena, hormetan eskegita dagoela Euskal Baserriei buruzko argazki erakusketa (irudiaEE)

PUBLIZITATEA

Coronel Pringles hiri argentinarreko Eusko Biltzar Euskal Etxea festa giroan dabil, bihar, abuztuaren 3an, euskal elkartea sortu zuteneko 23. urteurrena izango baita. Testuinguru horretan, Eusko Biltzarrek Gernikako sarraskiari buruzko erakusketa bat zabalduko du gaur arratsaldez herriko kultura etxean eta bisita egitera gonbidatzen ditu bere bazkide eta lagunak eta baita herrikide guztiak ere.

Coronel Pringles, Argentina. Coronel Pringles-ko Eusko Biltzar-ek gure erredakziora bidalitako oharrean azaltzen denez, euskal elkartea herrian "urte askotan biltzen pasa ondoren" jaio zen, "hasieran euren Euskal Aberritik etorritako euskaldunak ziren, hemen finkatu eta familia sortu zutenak, beren ondorengoei ohitura eta tradizioak pasatzen zietenak, tartean 'emandako hitza'ren balioa, zintzotasuna, apur bat saiatu edo 'temati' izatearen fama zeukaten; azkenean, 1990eko abuztuaren 3an, duela honez gero 23 urte, Eusko Biltzar Euskal Etxea elkartea sortu zen".

Euskal Etxearen urteurren berria behar bezala ospatzeko eta gainerako herritarrekin euskal kultura eta historiaren osagai edo momentu garrantzitsuenak elkarbanatzeko, Euskal Etxearen Zuzendaritza Batzordeak deliberatu zuen Pringlesentzat "Gernikaren Bonbardaketa - 75. urteurrena" erakusketa ibiltaria data hauetarako eskatzea haren ekoizlea den Eusko Jaurlaritzari, FEVA lankide Argentinako hainbat etxetan itzulia egin duena iaz Gernikako sarraskiaren 75. urteurrena bete zenetik.

Erakusketa, beraz, gaur arratsaldean inauguratuko da Coronel Pringlesen, arratsaldeko zazpietan Cabrera 459an, Kultura Institutuan. Eusko Biltzarrek gonbidapena luzatu nahi die bazkide, lagun eta herritarrei oro har erakusketa bisita dezaten: larunbat eta igandean (abuztuaren 3 eta 4an), arratsaldeko seietatik hamarrak arte; eta astelehenetik ostiralera (5etik 9ra), goizeko 10etatik 12ak arte, eta arratsaldeko ordu bietatik lauak arte. Eskolentzat eta publiko orokorrarentzat ere zabalik dago.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia