euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Coronel Pringles hiriak omenaldi berezia egin zien Atzerriko Gizataldeei Immigrantearen Festaren 34. edizioan

2013/09/11

2013-2014ko Immigranteen Erregina izateko kolektibitateen hautagaiak Udaletxeak antolatutako ekintzan. Lehena ezkerretik euskal ordezkaria, Juliana A. Mandrini (argazkia Diario El Orden)
2013-2014ko Immigranteen Erregina izateko kolektibitateen hautagaiak Udaletxeak antolatutako ekintzan. Lehena ezkerretik euskal ordezkaria, Juliana A. Mandrini (argazkia Diario El Orden)

PUBLIZITATEA

Ekintza etorkinen omenezko hiriko monumentuaren aurrean burutu zen eta agintariak bildu zituen, besteak beste, Carlos Oreste alkatea, Udalbatzako-ko kideak eta Club Rotario elkarteko nagusiak. Zeremonia bukatzean Arteen Kooperatibara abiatu ziren kolektibitateetako ordezkariak bertan egin zen elkarretaratzean parte hartzera. Ospakizuna, baina, ez da hor bukatu. Izan ere, irailaren 14an jarraituko du 2013-2014 eperako Erregina Hautaketarekin, eta standak eta ikuskizunak batzen dituen Immigrantearen Kantina delako jaialdiarekin.

Cnel Pringles, Argentina. Immigrantearen Eguneko ospakizunaren baitan, ekintza berezi bat egin zuen Buenos Aireseko Coronel Pringles hiriak bertan bizi diren kolektibitateak omentze aldera. Hamar gizataldek hartu zuten parte zeremonian, tartean gizatalde belgikar, txiletar, espainiar, frantses, italiar, israeldar, siriar-libanoar, suitzar, Volgako alemaniar eta euskaldunak. 2013 honetan 34. ediziora iritsi den festa Udal Interesekoa izan da izendatua eta bi zatitan burutuko da. Alde batetik, irailaren 4an ekintza nagusia gauzatu zen Immigrantearen Omenezko Monumentuaren aurrean; bestetik, datorren larunbatean Immigrantearen Kantina izeneko ekitaldia burutuko da eta bertan musika eta dantza ikuskizunak eta plater tipikoak eskainiko dira. Jaiari amaiera emateko, Immigranteen Erregina hautatuko da Kantinaren Egunean.

Pasa den astean egindako omenaldiari dagokionez, Argentinako Ereserkiarekin hasi zen zeremonia. Publikoak abesten zuen bitartean, Carlos Oreste alkateak eta gizataldeetako ordezkariek euren herrietako banderak jaso zituzten. Ereserkia abestu ondoren, lore eskaintza utzi zen Monumentuaren oinarrian.

Immigrantearen Eguna Cnel Pringlesen 2013 01

[Coronel Pringleseko Eusko Biltzar Euskal Etxearen izenean, erakundeko lehendakari Juan Jose Olasagastiak izan zuen bandera igotzeko ohorea (argazkia Pringlesentretodos)]

Zeremoniarekin jarraitzeko, Immigranteen Erregina izateko lehiatuko diren hautagaiak aurkeztu ziren. Coronel Pringleseko euskal etxearen ordezkaria Juliana A. Mandrini gaztea da eta beste neskekin batera jantzi tradizionalez jantzita agertu zen publikoaren aurrean.

Immigrantearen Eguna Cnel Pringlesen 2013 02

[2013ko Immigrantearen Eguneko ekintza nagusian, eta bakearen ikur moduan, zenbait uso utzi ziren aske (argazkia Pringlesentretodos)]

Bukatzeko, eta bertako ‘El Orden’ egunkariak ongi azaltzen duenez ‘elkartasuna, bakea eta senidetasuna adierazteko’ uso askatzea egin zen. Usoak aske utzi ondoren kabalkadan joan ziren lagun guztiak monumentutik Arteen Kooperatibara bertan egin zen harreran parte hartzera. Carlos Oreste alkatearekin batera, beste hainbat agintari bildu ziren zeremoniara. Horien artean, Udalbatzako presidente Marisol Ochoa, bloke ezberdinetako politikariak, Club Rotario Elkarteko agintariak eta Abel Vitalus apaiza.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia