euskal diaspora eta kultura
2010/02/24
PUBLIZITATEA
Coronel Moldes, Argentina. Geografia dela, paisaia dela, lan egiteko aukerak direla, euskaldun asko finkatu ziren Cordoba probintziako hego-mendebaldean. Coronel Moldes-en kasuan, herria txikia zen baina betidanik abizen euskaldun asko zeuden erregistroetan. Izan ere, Coronel Moldesko lagun batzuk Rio Cuartoko Gure Ametza Euskal Etxeko bazkide sortzaileak izan ziren.
Baina Coronel Moldes eta Rio Cuartoren artean dagoen 75 kilometroko distantzia sarritan oztopo bihurtzen zen Gure Ametzako kideek antolatutako topaketetara joateko. Karia hortara, Coronel Moldesko euskaldunek beren euskal etxea eraikitzea erabaki zuten. Helburu horri jarraituz, 2006ko urrian Marita Echavek, herriko telebistaren bitartez, dei bat egin zien bertako euskaldunei baita euskaldunen ondorengoei ere. "Dei hori egin ondoren, berehala erantzun zuten Nestor Aguirrek eta bere alaba Maria Ceciliak. Haiekin batera, behin-behineko Zuzendaritza Batzorde bat osatzeko bilera bat antolatu genuen. Azaroaren 16an, Jubilatuen Elkartean --oraingoz ez daukagu egoitzarik-- hogeita hamar bat lagun bildu ginen' azaldu dio Echavek gure buletinari.
Lehenengo batzordea eta lehenengo erabakiak
Batzorde horrek Marita Echave hartu zuen lehendakari. Berarekin batera Ricardo Aizpurua lehendakariorde izendatu zuten; Maria Celia Aguirre, idazkari; Anahi Arburua, idazkariorde; Jorge Bilbao, diruzain; Francisco Bilbao, diruzainorde; Nestor Aguirre, Gregorio Manterola eta Americo Perurena, batzordekide; Elizabeth Bilbao eta Celia Leceta, Batzorde Kontu Ikuskatzaile; eta Ignacio Echave, Ignacio Jayo, Ester Santiago eta Servando Zufiaurre, jaiak antolatzeko batzordekide.
'Euskal Etxearen izenari dagokionez pentsatu genuen gure arbasoak gure sustraiak baino gehiago direla. Haiek babesten gaituzte eta babestu gintuzten transmititzen jakin zituzten ideia eta nortasunarekin. Haien omenez aukeratu genuen 'Gure Zainak' izena. Batzordea antolatuta, beste erabaki batzuk hartu behar izan zituzten euskal etxe berriaren arduradunek. Besteak beste, eta María Luisa Ormazabalen proposamena onartuz, San Inazio eguna urtero ospatuko zutela adostu zuten.
[2008ko San Inazio ospakizunean Agirre, Larrea, Lagarde eta Zufiaurre sendiak (argazkia EE)]
Coronel Moldesko euskaldunak komunitateari begira
Horretaz gain, 'Gure Zainak' euskal etxeko kideak eta Anahi Arburuak gonbidaturik, urtero joaten dira herriko “Buenas Ondas” irratira Euskal Herriari buruz hitz egitera. Aukeratutako gaiak geografia, historia, ohiturak, hizkuntza eta kirolak dira batzuk aipatzearren. 'Egin ahal dugun ekarpena egiten dugu, eta jendearen erantzuna oso ona da. Dei asko jasotzen ditugu, jakinmina duen jendearen deiak', adierazi digu Echavek.
Baina agian 'Gure Zainak'-ek orain daukan erronkarik handiena gazteak euskal etxera erakartzea da. Horretarako Rio Cuartoko 'Gure Ametza' euskal etxearekin jarri dira kontaktuan eta handik bidaliko diete irakasle bat –Gustavo Echandia, Euskara Munduan programaren ikasleetako bat– euskara klaseak emateko. 'Beste gauza batzuk egitea gustatuko litzaiguke, baina ez daukagu behar adina baliabide. Horregatik hitzaldiak eman nahi dituztenak, dantzariak eta Euskal Herriaren kultura gurekin partekatu nahi dutenak gonbidatuta daude gure euskal etxera etortzera', adierazten du euskal etxeko lehendakariak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus