Avanzaron en Córdoba en la consolidación de DOA, la 'Orquesta de la Diáspora'; próximo encuentro, San Nicolás. Iragarri bezala, Cordobako Gerora Euskal Kultur Elkartea eta FEVA antolatzaile, martxoaren 23 egin zen euskal elkarte cordobatarraren egoitzan, FEVA Musikarien Topaketa Nazionalaren 7. edizioa. Argentina osoko 19 musikari bildu zituen Topaketaren helburu nagusia trebakuntza eta errepertoriaren hobetzea izan zen. Eta ondo asko bete zuen. Gerorako musikari erreferenteetako bat den Keila Marozzi Nomik EuskalKultura.eus-i esanik, “Beste topaketetan emanaldiak prestatzen genituen gero bertako komunitateari aurkezteko. Aurtengoan, ordea, entseguei eman diegu lehentasuna. Urte batzuk daramatzagu elkar lanean musikariok, ondo ezagutzen dugu elkar, eta horregatik guk osatutako errepertorioa praktikatu nahi izan genuen. Entsegu partzialak eta orokorrak egin genituen Plaza, Erromeria, Txaranga eta Kalejirako errepertorioak entseatzeko”, azaldu digu Keilak.
19 musikari argentinar bildu ziren Geroraren egoitzan
Euskal musika tresna tradizionalek bat egin zuten besteekin
DOA-Diasporako Orkestra Argentinarra talde horizontzala izan arren, ikastaroetan bai aukeratzen dute arduradun arituko den kide bat. Kasu honetan, Gerorako Jose Fernandez izan zen trebakuntza orokorraren arduraduna bera baita errepertorioko musika moldaketak egiten dituena. Txistuen entsegua, berriz, Fernando Zabalzaren esku egon zen, haize tresnena, Gaspar Jaurenaren eta Keila Marozzi Nomiren ardurapean eta oinarri erritmikoa, Jose Fernandezena. “Programa barruan eduki praktikoak ez ezik, Diasporaren euskal musikaren eta dantzaren historia ezagutzeko formakuntza saioa ere izan genuen”, jakinarazi digu musikari cordobatarrak.
“Topekaten balantzea beti izaten da oso ona, baina bukatu berriarena ona baino hobea da. Helburu zehatzak afinazioa, artikulazioa eta fraseatzea izan ziren eta oso aukera aberasgarria izan zen zalantzak argitzeko”. Argentinako euskal musikariak engaiamendu eta grina handiz ari dira lanean bere osaeragatik munduko bakarra den orkestra honetan, eta urteko bigarren Topaketak badu jadanik data eta lekua: abuztuan, San Nicolaseko Euskal Etxean.
DOA 'Fandango 77' egiten
Diasporako Orkestra Argentinareko musikari hauek hartu zuten parte Cordobako Topaketan:
-Agustin Alonso, tronpeta eta alboka (Gerora, Córdoba)
-Maria Pia Ambroggi, txistu (Gerora, Córdoba)
-Santiago Chamorro, txistu (Gerora, Córdoba)
-Jose Fernandez, txistu, ttun Ttun, xirula, alboka (Gerora, Córdoba)
-Gaspar Jaurena, klarinete eta alboka (Gerora Córdoba)
-Keila Marozzi Nomi, saxofoia (Gerora, Córdoba)
-Fernando Zabalza, txistu (Gerora, Córdoba)
-Juan Pablo Bilbao Valiela, perkusioa (Euskaldunak Denak Bat, Arrecifes)
-Mercedes Ithurriague, gitarra eta panderoa (Anaitasuna, Maipú)
-Julián Robles, zeharkako flauta (Anaitasuna, Maipú)
-Facundo Etchegaray, baxua (Gure Etxea, Tandil)
-Luis Miguel Carricaburu, akordeoia (Euzko Etxea, Villa María)
-Estefanía Jornet, trikitixa (Euzko Etxea, Villa María)
-Gustavo Galeano, dunbala (Euzkal Etxea, San Nicolás)
-Renzo Marin, perkusioa (Euzkal Etxea, San Nicolás)
-Rubén Vásquez, zeharkako flauta (Euzkal Etxea, San Nicolás)
-Ada Pintos, gitarra (Euzkal Etxea, San Nicolás)
-Martina Saa, txistu, xirula, panderoa (Denak Bat, Mar del Plata)
-Juan Manuel Hiriart, perkusioa eta akordeoia (Denak Bat, Mar del Plata)