euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cordobako 'Gure Txokoa' EEko txalapartariak Rio Tercero-ko 'No Durmai' Kulturaldian aritu ziren

2008/12/22

Agustin Alonso eta Gaspar Jaurena txalapartarien saioko irudia, euskal instrumenturi buruzko azalpenak ematen ari direla Rio Terceron
Agustin Alonso eta Gaspar Jaurena txalapartarien saioko irudia, euskal instrumenturi buruzko azalpenak ematen ari direla Rio Terceron

PUBLIZITATEA

Hiru euskal etxea daude Cordoba probintzia argentinarrean: Río Cuarto-koa, Villa María-koa eta Córdoba hiriburukoa, euskal kulturarekiko helburu beretsuekin. Aurten, Cordoba hiriburuko 'Gure Txokoa'-ko txalapartariek Río Tercero herriko “No durmai” ('lorik ez', Cordobako argentineraz) Kulturaldian parte hartzeko gonbidapena jaso zuten. Berrehun bat pertsona bildu zituzten Agustin Alonso eta Gaspar Jaurenak. Piztu zuten interesa medio, biharamunean bikoteak txalaparta tailer bat eman behar izan zuen jaialdiaren testuinguruan, berrogeita hamar bat musikari partaide.

Rio Tercero, Argentina. Cordoba hiriburutik ehun bat kilometrora dagoen Rio Terceron urtero egiten da 'No durmai' Kulturaldia. Hiru eguneko jaialdi honetan, artearen hainbat alor lantzen dituzte bertako eta kanpoko artistek, tartean dantza, literatura, musika, antzerkia, zinea, eta argazkigintza. Ekitaldiak bere zazpigarren edizioa bete duen urte honetan, antolatzaileek Cordoba hiriburuko “Gure Txokoa” Euskal Etxeko Agustin Alonso eta Gaspar Jaurena txalapartariak gonbidatu dituzte, perkusio euskal instrumentu honen aurkezpen bat egiteko.

Jaialdia herriko San Martin Plazako ‘Luis Amaya’ Anfiteatroan gauzatu zen, azaroaren 7, 8 eta 9an. Alonso eta Jaurenaren txanda lehenengo egunean, 7an izan zen, gaueko 11etan. Bi gazte hauek osatzen duten musika bikoteak berrehun bat pertsonaren aurrean jo zuen, izan ere gehienentzat erabat ezezaguna zen instrumentu eta erritmo bat: txalapartarena. Emanaldian, eta beste euskal instrumentu batzuen erakusgarri, alboka eta panderoa ere jo zituzten Alonso eta Jaurenak.

50 musikari txalaparta tailerrean

Aurkeztutako musika tresna 'berri' eta ezezagunak interes bizia piztu zuen publikoaren baitan, eta txalapartariek arrakasta handia bildu zuen txalaparta tailer bat eskaini behar izan zuten biharamunean 50 bat musikari partaide. Tailerraren ondoren, jendea, oraindik jakin-minez beteta, txalapartariengana hurbildu eta galderak egiten segitu zuen.

Cordobako 'Gure Etxea' Euskal Etxetik harro sostengatzen dituzte euren txalapartarien ekimenak. “Euren lan hau oso garrantzitsua da euskal kultura gure inguru honetan ezagutarazteko eta, baita ere, jakina, gure euskal etxearen berri emateko”, azaltzen dio EuskalKultura.com-i Elba Mocoroa “Gure Txokoa”-ko lehendakariordeak.

Lotura interesgarriak

Juanmari Beltranek bere museoa aurkezten du
www.euskonews.com/0158zbk/frelkar.htm

Zer da txalaparta (gaztelaniaz)
www.txiski.net/txalaparta/indice.htm

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia