Partaidetza bikaina izan du aurten ere Cordoba hiriko Gure Txokoak Alta Gracia hiriak kolektibitateen omenez antolatzen duen ekitaldian, bai inaugurazio desfilean, bai agertoki nagusian egin zen musika eta dantza ikuskizunean. Inaugurazioan, gainera, Villa Mariako Euzko Etxeko talde batek ere osatu zuen partaideak aurkeztea helburua zuen kabalkada.
Alta Gracia, Argentina. ‘Todo el Mundo en Alta Gracia’ (‘Mundu guztia Alta Gracian’) ekimenaren 2015eko edizioa urtarrilaren 31etik otsailaren 7ra arte luzatu da izen handiko artistak, hiriko gizataldeak eta publiko ugari lagun. Azken urteetan bezala, eta Euskal Herriaren presentzia bermatzeko, Cordoba hiriburuko Gure Txokoa euskal etxeak izan du ikurrina eramateko eta euskal dantzak aurkezteko ardura. 'Cordobatarrak' dantzari taldea, ordea, ez zen bakarrik aritu zeregin horretan. Izan ere, Villa Mariako Euzko Etxeko talde batek ere hartu zuen parte ‘Mundu guztia Alta Gracian’ jaialdiaren inaugurazio desfilean.
Halaber, aipatu behar da sukaldaritza gunean euskal errezetek ere izan zutela oihartzuna. Janari tipikoen standen artean, paella eta rabak eskaini ziren euskal txosnan. Euskal standaren aurrean ere dantzatu zuten Cordobatarrak-eko dantzariek, publikoa erakarri eta alaitzeko.