euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cordobako Gerorak egin berria du Hizkuntza Gutxiengotuen X. Topaketa, bertako hizkuntzetan abestutako kantuekin

2018/11/16

Gerorak antolatutako Gutxiengo Hizkuntzen eta Hizkuntza Gutxiengotuen X. Topaketa
Gerorak antolatutako Gutxiengo Hizkuntzen eta Hizkuntza Gutxiengotuen X. Topaketa

PUBLIZITATEA

Cordoba, Argentina. Gerora Euskal Elkarteak urtero antolatzen duen Gutxiengo Hizkuntzen eta Hizkuntza Gutxiengotuen Topaketa bere hamargarren ediziora iritsi da aurten eta euskal cordobatarrek Boliviako, Kataluniako, Esloveniako eta Paraguaiko kolektibitateekin ospatu dute. Urteurren berezi honetan garrantzi hautua eman nahi izan diote antolatzaileek literaturari eta musikari eta karia horretara Topaketari hasiera emateko náhuatl hizkuntzari buruzko bideo bat proiektatu zuten, Joseba Sarrionandiaren "Mintzaira gordelekua denean" testua irakurri bitartean.

Topaketan zehar, euren hizkuntzak aurkezteaz gain, abesti bana kantatu zuen talde bakoitzak, bere jatorrizko hizkuntzan. Gerorako Lu Zabalzak (ahotsa) eta Fernando Zabalza eta Santiago Chamorrok (txistua eta danbolina) ‘Axuri beltza’ taularatu zuten.

Ekitaldia joan den asteko ostiralean, azaroaren 9an, egin zen Cordobako Legislaturako Protokolo Aretoan, eta jende ugari bildu zuen.

Geroraren programari jarraituz, bestalde, joan den igandean, azaroaren 11an, bazkari bat antolatu zuten elkarteko lagunek 2018. urteari itxiera sinbolikoa emateko. Izan ere eskolek abendura arte jarraituko dute baina ahalik eta jende gehiagok parte har zezan, aurreratu egin zuten ospakizuna cordobatarrek.


[Bideoan, aurreskua eta euskarazko, kitxuazko eta katalanezko abestien zatiak]


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia