euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cordobako Gerorak aste honetan bertan abiatuko du 2023ko bere kultur eskaintza: musika, dantza, euskara eta literatura

2023/02/28

Cordobako Gerora Euskal Elkartearen kultur eskaintzako parte diren gaietako bi: dantza eta euskal instrumentuak
Cordobako Gerora Euskal Elkartearen kultur eskaintzako parte diren gaietako bi: dantza eta euskal instrumentuak

PUBLIZITATEA

Córdoba, Argentina. Martxoa iristearekin batera, Hego Konoko euskal etxeek dei egiten diete bazkideei eta, oro har, publikoari, urte berri batez euren jardueretan parte hartzera. Cordoba hiriko Gerora Euskal Elkartea lehenetariko bat da erritmoa hartzen. Horren lekuko, datorren asteburuan bertan abiaraziko duen txistu eta danbolin tailerra. Ikastaroa, elkarteak bere ekintzen garaleku duen Calicanto Kultur Etxean izango da, martxoko lau larunbatetan zehar, 'Lurra eta Haizea' musika taldeko Santiago Chamorro eta Fernando Zabalzaren eskutik.

Lehenengo tailer hau, ordea, Gerorak euskal kultura arloan daraman irakaskuntza eta hedapen proposamen orokorrago batean behar da kokatu. Horren baitan, urtean zehar, euskal soinu tresna tradizionalen hastapen moduluak antolatuko ditu Gerorak: txalaparta tailerra Agustin “Tute” Alonso eta Gaspar Jaurenaren ardurapean egongo da. Jaurenak berak alboka ere irakatsiko du; txirula eskolen ardura, berriz, José Noé Fernándezek hartuko du, eta trikitixa Keila Marozi Nomiren esku egongo da.

Euskara eta helduentzako dantza eskolak

Euskal Dantza ikastaroa bi lauhilekotan emango da, tartean uztailean geldialdia eginik. José Noé Fernándezek emango du, 'Lurra eta Haizea' bikoteko lagunekin batera, zuzeneko musikarekin lan egingo baitute. Euskal etxeetako dantza gune gehienak ez bezala,”30 edo 40 urtetik gorako helduei zuzendua dago, helburua ez delako Euskal Aste Nazionalean parte hartuko duen dantza talde bat osatzea”, azaltzen dio EuskalKultura.eus-i Gerorako presidente Elba Mocoroak.

Euskara eskolak, berriz, elkartearen egoitzan zein Cordobako Unibertsitate Nazionalean, Hizkuntza Fakultateko Hedapen arloan emango dituzte aurten, Elba Mocoroa eta José Noé Fernández irakasle. Bestalde, iazko lehenengo zatiaren arrakastaren ostean, Elbak, Olerkiak: Palabras y voces del euskera (Olerkiak. Euskararen hitz eta ahotsak) euskal poesia ikastaroaren bigarren zatia ere eskainiko du. Miren Agur Meabe, Itxaro Borda, Arantxa Urretabizkaia, Amaia Iturbide eta Amaia Lasaren lanak baliatuz, besteak beste, honako gaiak jorratuko ditu: maitasuna, hizkuntza, iraultza eta emakumea.

Gerora, Córdobako Euskal Kultura Elkartea
Laprida 266, Córdoba, Argentina
geroracordoba@gmail.com
Facebook - Twitter - Instagram - Youtube



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia