euskal diaspora eta kultura
2012/03/15
PUBLIZITATEA
Cordoba, Argentina. Joan den martxoaren 9an ireki zituen ateak Gerora elkarteak 2012ko ikasturteari ekiteko. Urte berriari begira, aurreko ikasleak eta ikasle berriak Elba Mocoroa eta Noe Fernandez irakasleekin elkartu ziren eskolen egitaraua antolatzeko. Klaseen programan baitan, mintza praktika saioak burutuko dira elkarteko irakasleen eskutik, hilabete bakoitzeko azken larunbatean. Elkarretaratze honetan ikasle guztiek har dezakete parte. Izena emateko epea irekita dago oraindik. Arduradunek azpimarratzen dutenez, klaseak kitorik, musutruke dira, paret hartu nahi duten guztiei zabalik.
"Euskaldun hitza euskaldunen bertutea da, ematen den hitza bete egiten da; hitza esan eta entzn egiten da. Gure kasuan, ‘Hitza’ taldea euskaraz eta euskararen alde abesteko aukera on bat da, Cordoba hirian. Batzuek esango dute abesbatza baino ez dela; beste batzuek, kantuz egiten dugun euskara klasea dela. Baina garrantzitsuena da euskara dela hemen egoteko arrazoia”, esanez gonbidatzen dute Gerora-koek euren koruan parte hartzera. Abeslariak direnei eta oro har, abestea gustuko dutenei dago zuzenduta deialdia; ez da aldez aurretik ezer jakin behar eta ez dagho adin mugarik ere. Elkarretaratzeak ostiralero izango dira, gaueko 9etan, Uspallata kaleko egoitzan.
Euskal kulturara hurbiltzeko beste era bat euskal dantzak dira. Cordobako elkarte honek aukera hori ere ematen die interesatuei. “Tailerraren helburua dantzak jatorrizko euskal herrialdeekin lotzea da, eta klaseetan teknikak ez ezik, dantzen alde antropologikoa ere aipatzen da”, azaltzen dute Txotx dantza taldeko arduradunek. Klaseak asteartero izango dira, iluntzeko 7etan, eta izena emateko epea irekita dago oraindik.
Musikatik sobera urrundu gabe, beste proposamen bat ere luzatzen dute Gerora-koek ikasturte berrirako. Baietz taldeko kideen ardurapean, alboka, txistua eta beste hainbat euskal musika tresna jotzen eta egiten irakatsiko da duela urte eta erdi sortu zen elkartean. Adituen eskutik, soinu zaharrek ikasleak Euskal Herri sakonera eramango dituzte. Tailerrak datorren astean hasiko dira, Gerora-ko egoitzan. Eta klaseak ematearekin batera, Baietz-ko musikari gazteak entseguetan eta diskoaren aurkezpenetan ere murgilduko dira. Iaz kaleratutako diskoaren sustapenarekin jarraituko dute Gaspar Jaurena, Noe Fernandez Brizuela, Franco Saghesi, Agustin Alonso eta Fernando Zabalza kideek.
Eta gastronomia. Euskal Herriko sukaldaritza elkartzeko beste arrazoi on bat da. Hala ikusten dute behintzat Cordobako Gerora-koek. Hori dela eta Sutondo izeneko taldea sortu zuten eta hilean behin elkartzen dira euskal plater tipikoak egiten ikastera. Klaseak bukatzean, janaria lagunen artean partekatzen da sutondoan, eta giro bikainean abesten eta pasadizoak kontatzen dituzte parte-hartzaileek ordu txikiak arte. Talde gastronomikoaren aurtengo lehenengo topaketa apiril erdialdean izango da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus