Cordoba, Argentina. 2010ean sortu zen Gerora Cordobako Euskal Kultur Elkartea helburu jakin batekin: euskal kulturaren adierazpenak, tartean hizkuntza, literatura, dantzak, zinema eta sukaldaritza, zabaltzea. Eta lan handia egin du esparru hauetan guztietan. Baina zalantzarik gabe Euskal Etxeko zutabe nagusia, euskararekin batera, musika da. Eta ez edozein musika… euskal musika tradizionala da Gerora-ko musikariek egiten eta ezagutarazten dutena.
Gerorak eskaintzen dituen musika tailerren baitan sortu zen 2018an ‘Lurra eta Haizea’ bikotea. “Izenak, jotzen ditugun perkusio eta haize-instrumentuak irudikatzen ditu”, azaldu digute Fernando Zalbalza eta Santiago Chamorro taldekideek. ‘Lurra eta Haizea’k bere ibilbide artistikoa darama, jotzaile gisa, eta aldi berean tailerrak eskaintzen ditu Elkartean. Ibilbide artistikoari dagokionez, Geroraren 10. urteurrena ospatzeko, iaz bikotearen lehenengo lan diskografikoa kaleratu zuten: Chisturi Social Club.
Gerorak eta FEVAk antolatutako tailerrak
FEVAren eskutik Gerorak eskaintzen dituen tailer birtualetara diasporako musikazale ugari bildu dira. ‘Lurra eta Haizea’ko Zalbalzak eta Chamorrok, aurten, txistuari eta euskal flautei eta danbolinari buruzko ikastaroa eman dute, ikuspuntu ‘zabalago’ batetik: “Helburua zen musika tresna hauek munduko beste hainbat lekutan nolakoak ziren azaltzea… Amerikatik hasi ginen, gero Europara egin genuen salto, amaieran Euskal Herrian sakontzeko”, azaldu diote EuskalKultura.eus-i. Tailer honetan Noe Fernandez ere izan zen partaide.
FEVAren tailerren barruan ‘Lurra eta Haizea’k beste ikastaro bat emango du urrian: ‘Euskal musika tresnak etxean nola egin’ izango du gai nagusia, eurak tresnagile ere direnez geroz.
[Gernikako Bonbardaketaren 2021eko urteurrenerako ‘Lurra eta Haizea’k egindako bideoa]
Euskal Herriko musika tradizionalari buruz hitz egiten badugu, ezin dira txalaparta eta alboka kanpoan geratu. Gerorako Gaspar Jaurena eta Agustin Alonso dira tresna hauen irakasleak eta haiek arduratuko dira tailer bana emateaz. Agustin Alonsok abuztuan eskainiko du txalaparta ikastaroa (beti formatu birtualean) eta Gaspar Jaurenak irailean, albokarena.