Colectividad Vasca de Concordia euskal etxeak antolaturik, Buenos Airesko Laurak Bat-eko Pablo Ubiernak eta Chascomusko Zingirako Euskaldunak-eko Sebastian Errecart-ek koordinatu zuten ekitaldia. Eskolak hiriko Progreso klubeko trinketean funtzionatuko du, euskal etxeko lehendakariordea den Patxi Etchevers Rosas arduradun.
Concordia, Argentina. Pilotazaleentzat emankorra baino emankorragoa izan den urte honi amaiera emateko, FEVAk sustatutako lehenengo Esku Pilota eta Xare Eskola inauguratu zen azaroaren 18an Concordia hirian, Entre Rios probintzian. Eskola, Colectividad Vasca de Concordia euskal etxearen esku egongo da, Progreso klubaren pilotalekuan, eta bertan trebatu eta entrenatuko dira mutiko zein neska pilotariak, aipatu bi modalitateetan.
Inaugurazioan, proiektuko arduradunak diren Pablo Ubierna eta Sebastian Errecart monitoreek klaseak eta euskal pilotari buruzko hitzaldi bat eman zituzten. Haiekin batera, Estanislao Alfonsín, Tomás Menchacabaso, Lorenzo Vázquez eta Tomás Scardigno pilotari chascomustarrek esku pilota erakustaldi bat ekaini zuten.
Aipatzekoa da Colectividad Vasca de Concordia euskal etxeko Pilota Eskolako erreferentea den Patxi Etchevers Rosas lan handia ari dela egiten Entre Rios aldean Esku Pilota eta Xare modalitateak sustatzen. Etchevers-ek parte hartu zuen ekainean Uruguaiko Salton ireki zen 'Nelson Vigo' Pilota Eskolaren inaugurazioan.