Concordia, Argentina. Ibaiko Izarrak 42 urte beteko ditu laster eta urteurrenak beste agertoki batean aurkituko ditu bazkide eta lagunak. Euskal Etxe entrerriostarrekoek ezin izan dute hogeita hamar urtez alokatzen zuten eraikinaren jabeekin akordiorik lortu eta Concordiako Bartolomé Mitre kaleko 488. zenbakian zuten egoitza utzi behar izan dute. Instituzioaren ondarea osatzen duten liburu, opari, oroigarri, dantza jantziak eta gainerako objektuak biltzea eta kutxetan sartzea gogorra izan bada ere, aurrera egiteko gogotsu daude.
Etapa berri bat hasiko dute. Momentuz biltegi bat alokatzea lortu dute, gauzak gordetzeko, eta ziur aski dantza entseguak ere bertan egin ahal izango dituzte. Hala ere, erabakitzeke dute oraindik nola eta non egingo dituzten urte osorako programatutako jarduerak, ez baitira gutxi, eta egoitza lagun ederra lukete horretan. Izan ere, bi dantzari talde dituzte. Helduena, Susana Cook eta Francisco Etchevers Rosas zuzendari. Haurrena, Cecilia Berezaga eta Juliana Iriarte zuzendari. Mus taldea Maria Esther Jaureguiberryk koordinatzen du, eta Susana Cooken eskutik, "Euskal pertsonaiak" sormenezko idazketa tailerra.
Guztien indarrak bilduz ekingo erronkari
Horrez gain, Euskal kultura tailerra daukate programatuta, Ana Laura Bidegainen eskutik, Jantzi tipikoak josteari buruzko beste bat, Camila Bogadok koordinatuta, argazkilaritza tailerra eta “Euskadi eta euskaldunak Argentinan” argazki erakusketa ere, Milagros Castanedak gidatuta. Irailean, urtero bezala, Immigrantearen Jai Probintzialean parte hartzeko asmoa dute, janari tipikoen patioko postu batekin eta, Ibaiko Izarrako dantzari taldea den Gazte Lurrak-en emanaldiarekin. Bahía Blancan azaroan egingo den Euskal Aste Nazionalean egoteko itxaropena ez dute galtzen.
Egun gutxi barru Zuzendaritza Batzordea berrituko dute, eta lekukoa hartzen dutenek erronka handia izango dute aurrean. "Indartsu gaude, baina gure bazkide zaharrenak triste ditugu. Baina egoitzarekin ala egoitzrik gabe, jarraituko dugu, itxaropenez eta konbentzimenduz, euskal etxea gu geu baikara!” aitortu dio Euskalkultura.eus-i Ibaiko Izarrako lehendakari Milagros Castañedak.
Animo eta aurrera, Concordiako Ibaiko Izarra!