Concordia, Argentina. Concordiako Euskal Gizataldeak taberna batekin ospatu ditu elkartearen lehenengo lau hamarkadak. Musika, dantza eta omenaldiak ez ziren falta izan bazkide eta lagunak ospakizunean elkartzerakoan, urriaren 21ean. “Festa ederra izan zen, pandemiagatik eta beste arrazoi batzuengatik aspaldiko partez elkar ikusi gabeko jendea bildu baikenuen, afariaz, dantzaz eta elkarrekin egoteaz gozatzeko aitzakia ezin hobean", azaldu dio Euskalkultura.eus-i Milagros Castañeda Ibaiko Izarrako lehendakari gazteak.
Hitzordua Euskal Etxeko zenbait lagunen lana eta ibilbidea goraipatzeko aukera ere izan zen. Omenduek mate berezi bat jaso zuten, lauburu eta inskripzio batez edertua. Honakoek bildu zuten esker oneko seinalea: Susana Etcheverry lehendakari ohi eta egungo batzordekideak; ‘Gazte Lurra’ gazte eta helduen dantza taldeko zuzendari Francisco Etchevers Rosasek eta Susana Cookek; Cecilia Berezagá, txikien dantza taldeko zuzendariak.
Bozkarioa partekatu eta dantza medio ere adierazi zuten Ibaiko Izarraren geroa apustu
Baita ere elkarteko kontulari eta batzordekide Ruben Esteybar-ek; egungo lehendakariorde eta Euskal Etxeko Mus Taldeko arduradun María Ester Jaureguiberryk; Manuel Amiano lehehendakariorde ohiak; eta, bertaratu ezin izan zutelarik oparia seguruenik aste honetan bertan jasoko duten Mariano eta Cecilia Silva Torrea anai-arrebek, hauek ere elkarteko luzaroko kideak eta ‘Gizataldeetako Kultur Erregina’ lehiaketan EEko hautagaiaren laguntzaile direnak.
Hilosteko esker ona adierazi zitzaion, azkenik, Ramiro Cortinari, lehendakari ohi eta lehendakariorde izandakoa eta zoritxarren iaz zendu zenari. Bere izenean anaiak jaso zuen oroigarria, bertaratutakoen txalo eta omenarekin batera.
Baina festa 40. urteurrena ospatzeko pentsatu dituzten jardueren aurrerapena besterik ez omen zen izan. “Dantzaldia, hitzaldiak eta tailerrak eskainiko ditugu, zine topaketa bat eta Euskal Etxeko baratzea berreskuratzen ere lan egingo dugu. Baina oraingoz, aste honetan Gizataldeen Festara deituak gaude eta Luciana Huerta Sanduende izango dugu ordezkari, Erregina Kulturalerako hautagaia. Beraz, urteurren ospakizun horiek atzeratu egingo dugu” azaldu digu Milagrosek, Euskal Herria bisitatzeko ametsa laster egia bihurtuko duenak, Gaztemundu programan parte hartzeko hautatu dutela adierazi baitiote berriki.
Zorionak Ibaiko Izarra eta zorionak Milagros gaztemundulariari!
Ibaiko Izarra sare sozialetan:
Facebook: Centro Vasco Concordia Ibaiko Izarra
Ig: centrovascocdia