Concordia, Argentina. Ibaiko Izarra Euskal Etxean bilduta, Concordiako euskal gizataldea bere elkartearen 38. urteurrena ari da ospatzen hilabere osoan, joan den astelehenetik hasita, 1982ko urriaren 5ean sortu baitzen. Pandemiagatik ezin dute aurrez aurre ospatu, “afari handi batekin, euskaldunek ohi duten moduan” diote Euskal Etxekoek; baina ez dute data oharkabean pasatzen utzi nahi izan eta sare sozialetara aldatu dute, hainbat eduki plazaratzekotan, tartean, pasadizoak, argazki eta bideoak, elkarrizketa laburrak eta baita zozketak ere.
[Elkarteak egindako urteurren bideoa]
On line ere egin daiteke
Munduko gainerako euskal etxeek bezala ez dute 2020an aurrez aurreko ekintzarik egin ahal izan. Aukera baliatu dute, ordea, elkartea bere egoera berrira egokitzeko eta on line edukiak prestatzeko gai direla erakusteko.
Azken asteetan propio prestatutako bideoak sareratu dituzte Diasporaren Egunarekin bat egiteko; eta hiriko Suzien Martxa birtualean hartu zuten parte Ana Laura Bidegainen testigantzarekin; baita Immigranteen Jai probintzial birtualean ere, kasu honetan Gotzon Batikon musikari bizkaitarraren partaidetzarekin; eta 2020ko Sanferminetarako musika eta euskal herritar askoren agurrak zabaldu zituzten sareetan.
Datozen hilabeteei begira, eta pandemiak sortutako neurrien menpe jarraituko dugula pentsatuta, lanean etengabe segituko du Euskal Etxeak sareetan. Urri osoan, gainera, urteurrenaren baitan, elkarteko lehendakariari, lehendakari ohiei eta ekintzen erreferenteei egindako elkarrizketak ere argitaratuko dituzte.
-Ibaiko Izarra Facebook-en, Centro Vasco Concordia Ibaiko Izarra
-Ibaiko Izarra Instagram-en, centrovascocdia