Concordia, Argentina. Hiru hilabete dira Ibaiko Izarrak, Concordiako euskal etxeak, luzaz bere egoitza izana zena utzi behar izan zuela. Zaildu egin zaizkie geroztik euren lana euskal kulturarekin daukaten konpromisoari eustearren. Asko nabaritzen dute planifikatzeko eta elkarren ondoan lan egiteko gune komun baten falta eta honek, batzuetan, adoregabetu egiten ditu. Agian horregatik, halako bultzada behar zutelako, joan den asteburuan Immigrantearen Jai Probintzialaren 31. edizioan parte hartzea berezia izan da. Hiru egun jarraian aritu ziren bertan, ostiraletik iganderaino, aniztasuna ospatuz eskualdeko beste 17 gizatalde immigranterekin, arbasoen segida gogoan eta, harro Euskal Herriaren ikurra irmo mantentzeaz.
Catalina Gil, lehenengo printzesa
Immigrantearen Festa Probintziala tradizioa da hirian. Urtero ospatzen da eta hainbat nazionalitatetako jarduera eta ikuskizun adierazgarriak plazaratzen ditu. Lehen ediziotik egin izan duten bezala, Ibaiko Izarrak stand kultural eta gastronomiko batekin hartu zuen parte, dantza erakustaldi batekin eta baita Immigrantearen Erregina Probintziala izateko hautagaia aurkeztuz ere, festaren subirano kulturala. Larunbatean egin zen aukeraketa eta Catalina Gil, Ibaiko Izarrako ordezkari gaztea, aukeratu zuten lehen printzesa.
Euskal Etxetik azaltzen zaigunez, kalifikaziorako hartzen dira kontuan, esaterako, hautagaiak ordezkatzen duen kultura eta bere familia immigrantearen historia ezagutzea, kultura orokorra eta dituen hobbyak. Lehen printzesa hautatua izan den Catalina Gilek 16 urte ditu eta artea dauka afizio. Euskal Etxeko lehendakari Milagros Castañedak azaltzen du "eguzkilore bat" margotu zuela han bertan, "asko ikertu eta lan egin zuen lorpen horretarako, eta eman zioten tituluaz haratago, oso pozik gaude gu ordezkatu gintuelako", azaltzen dio EuskalKultura.eus-i Ibaiko Izarrako eledunak.
Immigrantearen Lehen Printzesa hautatu zuten Catalina Gil euskal ordezkaria eskuaz agurtzen
Ibaiko Izarra Concordiako kaleetan zehar antolatutako Desfile oroigarrian parte hartu zuen
Igandeko desfileak ere Euskal Etxearen ordezkaritza jaso zuen Concordiako kaleetan barrena ibili ziren jaigunea zen “Viñedos Moulins” Parke Zentraleraino. Han, agertoki nagusian, EEko Gazte Lurreko dantzariek emanaldia eskaini zuten. Almute Dantza, Fandango eta baltsa dantzatu zituzten, eta amaieran dantzari txikiek bat egin zuten dantzari gazteekin. Janariari dagokionez, euren proposamen gastronomikoa, txorizoa sagardotan, eta edariak izan zituen, besteak beste.
«Askoz errazago egiten genen guztia egoitza genuenean, orain logistika korapilatu egiten zaigu. Gazte talde handia eta oso aktiboa dugulako egin dezakegu. Pizgarrietako bat izan dirua batzen hasi ahal izatea izan da, lokala alokatzeko, edota datorren urtean Euskal Astera joan ahal izateko, tamalez aurten ezinezkoa izango baitzaigu. Jaian parte hartzeak, ordea, animatu egin gaitu, balantzea positiboa izan da oso eta, gainera, beste elkarte batzuekin harremanak sakondu ditugu, babesa eman digute, eta euren etxeetako ateak ireki», laburbildu du, pozik, Ibaiko Izarraren erreferenteak.