euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Concordiako euskaldunak XIV. Immigrantearen Jaian, aurten ere euren hautagaia Erregin bihur daitekeelakoan

2007/09/04

Egungo erregina, Euskal Etxeko kide den Maria Pia Mario Hirigoyen, ondoan Gimena de Ibarra, 2007ko euskal ordezkaria duela. Baten xingolan Concordiako Erregina dio; bestearenean, 'Euskal Herria' (argazkia Mariano Silva-Torrea)
Egungo erregina, Euskal Etxeko kide den Maria Pia Mario Hirigoyen, ondoan Gimena de Ibarra, 2007ko euskal ordezkaria duela. Baten xingolan Concordiako Erregina dio; bestearenean, 'Euskal Herria' (argazkia Mariano Silva-Torrea)

PUBLIZITATEA

Ez da erraza, baina zergatik ez. Badakite normalean ez dela ematen bi urtez segidan Immigrantearen Jaiko Erregina gizatalde edo kolektibitate berekoa izatea, baina saiatu gabe ezin lortu. Egungo erreginak, Euskal Etxeko kide den Maria Pia Mario Hirigoyen-ek, nahiko lizkioke pasa Gimena de Ibarra bere lagunari erregin koroa eta makila, baina hori hala izango den ala ez, egun batzuk itxaron behar. Bitartean, Concordiara datorren igandera arte da zabalik Immigrantearen Jaia. Euskal ordezkaritza, bertako 'Gazte Lurra' dantzarien eskutik. Euskal Etxeak, euskal kultura standa kudeatu eta bazkariak ere prestatuko ditu: 'Txorizoa sagardo erara' edota 'Piperrada' bezalako kutixiak.
Bertako euskaldunak kontent dabiltza, iazkoan oso harrera ona izan baitzuen euren ordezkaria, Maria Pia Mario Hirigoyen, bertako kolektibitate guztien artetik Erregina hautatua izatea. Bestelako kontsiderazio guztien gainetik, aitortzen zion EuskalKultura.com-i bazkide batek, honelako izendapen batek proiekzio handia ematen dizu kolektibitate bezala, Erregina hedabide guztietan elkarrizketatzen baitute, eta horietara guztietara, euskal etxeko eta euskal komunitateko kide dela esanez baitoa, horrek irudi aldetik eta presentzia aldetik ematen dizun ospearekin. Gainera, zioen, Pipi --hala deitzen baitiote Maria Piari-- zentzu guztietan da neska polita eta edozein elkarrizketan ongi atera eta euskal ikurra goian utziko duen pertsona da. Doaike pozik gaude egin duen eta egiten ari den lanarekin, zioen, euskal etxeko erabateko gehiengoaren iritzia islatuz.

Horregatik, behar bada, nahiko lukete aurtengoan errepikatu, erraza ez dela jakin arren. Gimena de Ibarrak hartu du lan hori bere gain eta dagoeneko pasatua du atzo bertan epaimahaikoen aurreko lehenengo saioa. Saio desberdinetan, bertan parte hartzeko arrazoinak azaldu, kantatu, dantzatu, instrumenturen bat jo, euren jatorrizko hizkuntzan mintzatu... oso gazteak diren arren, egiten dakitena eta euren izaera edo nortasuna islatzen dituzten gauzak egin behar dituzte. Emaitza, datorren larunbat gauean jakin araziko dute epaimahaikoek.

'Txorizoa sagardo erara' eta Gazte Lurrako dantzariak

Asteburuan, izan ere, izan ohi da Jai honen hitzordu jendetsuena. Larunbat eta igandez milaka jende pasatuko dira Concordian present diren gizatalde eta kulturen erakuslehio izateko jarritako standetatik. Bisitatuenak, batez ere otordu tenoreetan, janari tokiak izan ohi dira, hemen patios de comidas deitzen direnak. Hor, beste hamaika nazionalitateetako ekarpenen artean, Euskal Etxeak bere kutixiak eskainiko ditu, tartean pintxoak, 'txorizoa sagardo erara' edota 'Piperrada' esaterako, bazkideek prestatuak.

Euskaldunen aldetik, jaia ez litzateke osatua geldituko 'Gazte Lurra'ko dantzarien partaidetzarik gabe. Batetik, gainerako gizataldeetako banderadunek bezala, eurak ikurriña eramango dute euskaldunen ordezkari, esaterako katedraleko eta Auditorium Antzokiko ekitaldietan. Dantza talde gisa ere hor arituko dira, partikularzki larunbat gauean zortzietatik aurrera egingo den gala berezian, 'Agurra ikurriñari', 'Banako' 'Nafar jokoa' eta 'Arin-arina' dantzatuz.


Enlaces relacionados

'Colectividad Vasca de Concordia'
www.concordia.com.ar/Vascos

Erraza ez dago, baina koroa euskaldunetik euskaldunera pasatuko da?
2007ko abuztuaren 20an EuskalKultura.com-en argitara emana

Concordiako Euskal Etxearen aurtengo gau hitzordua
2007ko ekainaren 6an EuskalKultura.com-en argitara emana

Euskal Etxeko ordezkaria, Immigrantearen Erregin Probintziala
2006ko irailarren 11ean EuskalKultura.com-en argitara emana

María Pía Mario-Hirigoyen: 'Harro nago euskal erregina izateaz'
2006ko irailaren 7an EuskalKultura.com-en argitara emana

Concordiako San Fermin astea amaitu da
2006ko uztailaren 14an EuskalKultura.com-en argitara emana

Gazte Lurra-ko gazteak eta Ibaiko Izarra zikloa
2006ko uztailaren 11ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia