Concepción del Uruguay, Argentina. Diasporako hiri askotan gertatzen denez, Entre Rios probintziako Concepción del Uruguayn ez dago herrian bertan euskara irakaslerik. Tematiak dira, baina, eta Euskal Etxeko kideen aspaldiko nahia betetzeko asmoarekin, Rosarioko Alejo Conti irakaslearekin jarri ziren kontaktuan iaz Ibai Txorikoak Euskal Etxean euskara eskolak eskaini ahal izateko. Ia 280 kilometroko tartea dago errepidez Rosatiotik Concepcionera
Lucia Arcelusek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “bazen egiteke genuen zerbait eta zorionez hein batean lortu ahal izan dugu. Aleko Conti irakaslea hilean behin etortzen da Rosariotik, baina hilabetearen gainerakoan kontaktuan segitzen dugu eta teknologia berriak erabiliz klaseak eman eta etxerako lanak ere bidaltzen dizkigu. Instituzioarentzat oso garrantzitsua izan da akordio hau eta, izan ere, jende berria ere erakarri digu Euskal Etxera. besteak beste kolektibitatekoak ez diren hizkuntza irakasleak eta hizkuntzak gustuko dituen jendea”.
Euskal Herrian Korrikaren tipi-tapak iraunkor eta etengabe segitzen duen egun hauetan, gogora ekartzekoa da Diasporan euskararekiko dagoen maitasunezko atxikimendu eta engaimendu nabaria, ilusioa, ahalegin jarraitua eta lan bolondresa ezaugarri dituena. Concepcion del Uruguayko kasuan, euskara eskolak ematearen aldeko apustuak, ikusirik herrian bertan irakaslerik ez zela sortzen, ia 280 kilometrora dagoen Rosariora jo eta bertako irakaslea hilabetean behin Concepcion-dik pasatzea lortu zuten iaz, hilabetearen gainerako klaseak teknologia berriak erabiliz remotoz emanez. Sakrifizioa da irakaslearen aldetik, bidaiatu behar izatea eta klaseak aurre-aurrekoa eta urrunekoa uztatuz eman behar izatea; eta ikasleen gogo eta konpromisoaren adierazgarri ere bada, baita Euskal Etxearena ere, dauden aukerekin lan egin eta azkenean euskal elkartean bertako lagunei euskara klaseak eskaini ahal izatea.
2017 ikasturteko euskara saioak apirilaren 22an hasiko dira, klaseak goizeko 8:30etatik eguerdiko 12:30etara, Euskal Etxearen egoitzan.
Eskulanak, dantzak eta sukaldaritza
2017 ikasturte hasi berrian, aspalditik egiten diren aktibitateek ere jarraituko dute Ibai Txorin. Eskulan tailerra astelehenetan eta astearteetan egingo da, arratsaldeko 4:30etatik 6:30etara, Lucia Arcelus bera arduradun. Dantzak ere irakatsiko dira Euskal Etxean. Bi talde egingo dira, astearte eta ostegunetan, arratsaldeko 7etatik 8etara, eta 8etatik 9etara, Delfina Soutier irakaslearekin.
Sukaldaritzari dagokionez, maiatzeko ostiraletan euskal gastronomia tailerra egingo dute Ibai Txoriko lagunek elkartearen egoitzan. Topaketa bakoitzean Euskal Etxeko kide batek bere familian erabiltzen segitzen den euskal errezeta bat irakatsiko die tailerrera bertaratzen direnei.
Sukaldaritzarekin lotuta, elkarteak hilabetero antolatzen du janari salmenta bat: Instituzioko kideek etxean platerak prestatzen dituzte eta Euskal Etxearen egoitzan saltzen dizkiete auzokoei. “Bi helburu nagusi ditu jarduera honek”, azaldu digu Lucia Arcelusek. “Alde batetik, euskal sukaldaritza ezagutarazten dugu, eta hori oso garrantzitsua da guretzat. Bestetik diru iturri ona da Euskal Etxearen gastuei aurre egin ahal izateko”. Hurrengo janari salmenta maiatzaren 6an izango da, larunbata.
Euskal Etxearen Facebook, Asociación Vasca Ibai Txori Concepción del Uruguay