Concepcion del Uruguay, Argentina. Udala lagun, Euskal Diasporaren Eguneko egitarauaren baitan, irailaren 8an, landatu zuten Gernikako Haritzaren kimua Concepcion del Uruguayko Ibai Txori Euskal Etxeko agintari eta kideek, Jose Lauritto alkatea partaide. Kimuaren jatorriari dagokionez, Rosarioko Euskal Etxeko Batzordeak oparitu zion Entre Rios probintziako Euskal Etxeari hiriko leku esanguratsu batean landa zezan.
Landatze zeremonian, Celomar Agacha irakasleak propio idatzitako hitz batzuk irakurri ziren. Lagun ugari bertaratu ziren Ramirez Plazara, tartean Euskal Etxeko lehendakari Carlos Izaguirre, Lucy Arcelus, Marta Guridi, Ana Gracia, Rocio Garcia, Analia Jumilla, Daniela Arceluz, Juana eta Maite Etchecoin eta Marcelo Etchecoin. Udaleko prentsa idazkari Matias Giqueaux eta berdeguneen kudeatzeko koordinatzaile Jorge Urquizak ere lagundu zuten kolektibitatea ospakizunean.
Gogora dezagun hastapenean kimua, euskal elkartearen 30. urteurrenean landatu behar zuela Euskal Etxeak, iazko abenduan, baina ekitaldia bertan behera utzi behar izan zutela eguraldi txarra medio. Protokolozko ekintza zenez ez da oso erraza izan berriro programatzea eta Euskal Diasporaren Eguna data egokia izan zitekeenez, indarrak Udalarekin berriz koordinatu eta orain egitea erabaki zuten.
Zeremoniako argazki gehiago, hemen.