Concepción del Uruguay, Argentina. Euskal etxe gisa dituen helburuekin bat, Concepcion del Uruguay herri argentinarreko Ibai Txori Euskal Etxeak, Entre Rios probintzian, ahalegin handia egiten du urtero bere kultur eskaintzan euskara klaseak sartu ahal izateko. Izan ere, herrian ez dago euskara irakaslerik eta inguruko hiri edo probintzietakoak baliatu behar izaten dituzte, berrehundik kilometrotik gora ere eginez horretarako. Iaz Alejo Conti rosariotarrak egin zuen bezala (Concepción-Rosario distantzia 274 kilometro), aurtengo ikasturtean, Paranako Maria Noel Balla irakasleak eskaini du bere burua (distantzia, 267 kilometro).
Honelako egoerak ez dira batere arraroak Diasporan. Badago distantzia hori maizago egiten duenik.
Concepcion-en klaseak hilabetean bitan dira, horietarik bat aurrez aurre eta bestea birtuala. Ibai Txoriko euskara erreferente den Marcelo Etchecoinek EuskalKultura.com-i jakinarazi dionez, “momentu honetan bederatzi ikasle ditugu kurtsoan --matrikulatzeko aukerak zabalik segitzen du-- eta oso pozik daude edukiekin eta dinamikarekin. Pentsatzen dugu eskaera dagoen bitartean, gure obligazioa erantzutea dela. Pozik gaude oso ikasle horiek edukitzeaz eta esker biziak ematen dizkiogu Maria Noeli, iaz Alejori bezala, euren ahalegin eskuzabalagatik”.
Euskara klaseekin batera beste hainbat tailer eskaintzen ditu Euskal Etxeak bere egoitzan, tartean, yoga eta dantza tailerrak, brodatuak eta ehungintza, plastika eta eskulanak eta umeentzako sormena. Baita euskal zinema ere eta bestelako euskal kultur saioak.