Concepcion del Uruguay, Argentina. Entre Rios probintziako UADER Unibertsitate Autonomoko agintariek eta Ibai Txori Euskal Etxeko Carlos Izaguirre lehendakariak, Concepcion del Uruguay hirian bildurik, hitzarmena sinatu zuten irailaren 23an euskararen alde elkarrekin lan egiteko. Izan ere, Esparru.akordioa da bi elkarteek sinatu dutena, Euskal Herriko hizkuntza Unibertsitatean sar ahal izan dadin, “gure hirian ikasi ahal izateko, beste hainbat hizkuntzekin gertatzen den bezala”, Euskal Etxetik EuskalKultura.eus-i adierazi zaionez.
Ibai Txoriko lagunek iragarri dute baita ere urriaren 11tik 13ra ‘Expo Concepcion’ izeneko erakustaldian hartuko dutela parte. Euskal Etxeak stand bat izango du Sukaldaritza Gunean eta plater tipikoak eskainiko ditu bertan, publikoaren dastagai.
Zine Zikloarekin ere jarraitzen du Euskal Etxeak eta azkeneko proiekzio ostiralean Philippe Le Guayren “Les femmes du 6ème étage” pelikula eskaini zuen. Zikloaren barruan, hilean behin, ostiralez, proiektatzen du film bat Euskal Etxeak, bere egoitzan, sarrera libre eta doan.