Josu Bergara kantari eatarrak emanaldia eskainiko du gaur Madrilgo Complutense Unibertsitatean (UCM) eta bertan bere azkeneko lana, "Kanta txikien indarra", aurkeztuko die bertaratzen diren euskaltzale eta musikazaleei. Ekitaldia unibertsitate madrildarreko Taupaka elkarteak antolatu du eta ospakizun berezia ere izango da, bildutakoek euskara ikasten duten UCMko ikasle guztiek aurrerantzean kredituak lortuko dituztela ospatuko baitute.
Madril, Espainia. Berri onak oraingoan Madrildik, hiriko Universidad Complutense-n euskara ikasten duten ikasle guztiek kredituak lortuko baitituzte euren klaseengatik. Halaxe baieztatu dio EuskalKultura.com-i bertako irakasle eta euskara erreferente den Karlos Cid Abasolok.
Izan ere, Taupaka Elkartea antolatzaile, kontzertua egingo da gaur osteguna Madrilen, 19:00etan, Josu Bergara kantari eatarraren eskutik, Mikel Núñez pianojotzailea lagun duela, Universidad Complutensen (Filologia Fakultateko A eraikineko Gradu-Aretoan), eta UCMko eta Madrilgo euskaltzaleek oro har aukera ezinhobe hori baliatuko dute musika doinuz janzteko euren poza aurtengo ikasturtetik aurrera UCMen euskara ikasten duten ikasleek euren eskolak kredituak lortuta hartu ahal izanaren neurria.
Josuk bere azken diskoa aurkeztuko du ("Kanta txikien indarra") eta han berta ezarriko da salgai, nahi duenak eskura dezan.
Zorionak, beraz, kontzertuagatik eta bereziki euskararen irakaskuntzaren mesedetan lortutako neurri honengatik!
-Informazio gehiago: https://karlosabasolo.wixsite.com/misitio-1
-Josu Bergara Facebook: https://www.facebook.com/josubergaramusika
-Josu Bergararen webgunea: www.josubergara.eus