euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Comodoroko Euskal Etxeko neskek Iruñeko Duguna taldekoekin distantzian ikasitako 'Zinta Dantza' dantzatu dute

2017/11/07

Haize Dantzariak Taldeko neskak 'Zinta Dantza' taularatzen, Iruñeko Duguna taldeko dantzariak distantzian gidari izanda
Haize Dantzariak Taldeko neskak 'Zinta Dantza' taularatzen, Iruñeko Duguna taldeko dantzariak distantzian gidari izanda

PUBLIZITATEA

Datorren urtean beteko du bere 95. urteurrena Comodoro Rivadaviako Euskal Echea elkarteak. Ospakizunek, ordea, hasiak dirudite. Izan ere, urte ederra bizitzen ari dira Patagoniako euskal gizatalde honeko lagunak eta egin berria duten Urteko Adiskidetasun Afaria horren isla on bat izan da. 300 gonbidatu biltzeaz gain, Mikel Ezkerroren bisita eta hitzaldia jaso zuten; eta dantzariek Zintza Dantzaren paregabeko koreografia aurkeztu zuten, Iruñeko Duguna Udal dantzariekin distantzian ilusio handiz ikasita.

 

Comodoro Rivadavia, Argentina. Urteroko bere Adiskidetasun Afaria egin berria du Euskal Echea elkarteak urriaren 28an, larunbata, Galiziar Etxearen aretoan. Asteburuko programa bezperan hazi zen, ordea, Euskal Etxearen egoitzan. Izan ere, ostiralean ‘Euskal Misterioa’ izenburuko hitzaldia eskaini zuen Buenos Airestik gonbidatuta iritsitako Mikel Ezkerrok, Comodoro Rivadaviako herri osoari zuzendutako proposamen batean. Hitzaldia hasi aurretik, bertako Lagun Artean abesbatzak euskarazko eta gaztelaniazko kantu batzuk abestu zituen.

Adiskidetasun Afaria

Larunbatean, afariaren inguruan antolatutako ekitaldi nagusiak 300 bat lagun bildu ziren, tartean Puerto Madryngo Etorritakoengatik-eko lehendakaria, Galiziar Etxeko agintariak, eta herriko beste kolektibitate batzuetako ordezkariak. Bertaratu ezin izan zuten beste lagun batzuk emailez bidali zioten agurra instituzioari, tartean esaterako Patagoniako beste euskal etxe batzuek eta Euskadiren ordezkari Sara Pagolak.

Afarian zehar Euskal Etxeko erregina berria koroatu zuten; Euskal Etxean ematen diren tailerretako begiraleek oroigarriak jaso zituzten; hainbat opari zozketatu ziren eta Lecumberri-Oses sendiak bi koadro eman zizkion dohaintzan Euskal Etxeari.

Dantza ikuskizuna hiru zatitan banatu zen: lehenengoan txikiek, ertainek eta helduek makilak erabiltzen zituzten koreografiak eskaini zituzten. Bigarrenean, Haize Dantzariak taldeko dantzariek –dantzari helduek alegia–, Lore Uztaiak eta Dantzari Dantza taularatu zituzten. Bigarren zati honetan nobedade bat ere aurkeztu zuten neskek. Euskal Etxeko erreferente Edu Vergelek azaldu digunez, “taldeko zuzendariak Iruñeko Duguna Taldeak Zinta Dantzaren bertsio bat topatu zuten interneten, eta kontaktuan jarri ziren taldeko kideekin euren aholkua eskatzeko. Ondorioz, Iruñeko dantzariek dantza prestatzen lagundu diete, hemengo neskek jantzi berriak egin zituzten –Iruñean janzten dituztenak bezalakoak– eta Dugunakoek musika grabatu ziguten hemen han egiten duten bezala egin ahal izan genezan. Egiari zor, lan ederra egin dute elkarrekin eta ederra geratu zen emanaldian koreografia”, aitortu dio ilusioz EuskalKultura.com-i. Azken zatian, eta ikuskizunari amaiera emateko, Arin Arin eta Kalejira dantzatu zituzten gazteek publikoa ere partaide.

Gutxiago falta da elkarteak datorren urtean beteko dituen 95 urteak ospatzeko eta karia horrerata egitarau esanguratsua ari dira dagoeneko antolatzen comodorotarrak. Jaia maiatzean egingo da, eta ekitaldiak Patagoniako Euskal Etxeen 5. Topaketa ere baitaratuko du.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia