euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Comodoro Rivadaviako Euskal Etxea ehun urte dauzkaten EEen klub hautuan sartuko da hasi berria den 2023an

2023/01/02

Ezker eskuin, Johana Endrinal, Diruzain, Santiago Baztan, Lehendakari orde, Maite Baztan, Lehendakari, Emilio Moure, Idazkari eta Norman Baztan, Idazkari orde Euskal Echean irailaren 27an egindako Asanbladan
Ezker eskuin, Johana Endrinal, Diruzain, Santiago Baztan, Lehendakari orde, Maite Baztan, Lehendakari, Emilio Moure, Idazkari eta Norman Baztan, Idazkari orde Euskal Echean irailaren 27an egindako Asanbladan

PUBLIZITATEA

Comodoro Rivadavia, Argentina. Patagonian, urte berezia hasi berria du bertako euskal komunitateak, 100 urte beteko baititu Comodoro Rivadavian, bertan 1923an 'Asociación Vasca Euskal Echea' izenpean sortutako euskal etxeak. Izan ere, 1923ko maiatzaren 20an, hiriko Vasconia hotelean bildutako hogeita hamahiru euskal etorkinek elkarri laguntzeko elkarte bat bideratzea erabaki zuten. Geroztik bizitza instituzional aktiboa garatu du, kirol eta kultura arloan batik bat, eta gorabeheren gainetik, bere jarduerari eutsi dio, hiriari eta eskualdeari ekarriz eta baita Argentinako euskal komunitate osoari ere.

Jakina, pandemiaren aurrean ez ziren salbuespena izan eta bi urtez jarraian birtualki ospatu behar izan zituzten San Juan, San Ignazio, bilerak, elkarretaratze eta urtemugak. “COVID19a zaila izan da. 2021ean jardueretara itzultzen hasi ginen, baina kontu handiz. Itzulerak lana hartu digu, baina itzuli ginenean, guztiaren bila itzuli ginen”, esan dio EuskalKultura.eus-i Edu Vergel Euskal Etxeko sukaldari, dantzari eta Zuzendaritza Batzordeko kideak.

Euskara eskolak aurrez aurre Eneka Cordobarekin

Chubut probintzian kokatutako Euskal Etxeak bizitza instituzionala berreskuratzea lortu zuen, ekintzei berriro ekitea, eta baita ekimen berriei ekitea ere, esaterako Euskara Munduan programan trebatutako Eneka Cordobak egun ematen dituen euskara eskolei. Gainera, Susana Martinovic zuzendari duen “Lagun Artean” abesbatzaren 20. urteurrena ospatu zuten. Eta EEko hiru dantza taldeek, entsegu eta aurkezpenei ekin zieten berriro.

Hor zeuden haurren taldea, Maite Baztan, Wanda Bazan eta Alma Juárezen eskutik, ertainen taldea, eta helduena, Haize Dantzariak taldea, Maite Baztanen zuzendaritzapean. Comodoroko FeDeComEx-ek (Atzerriko Komunitateen Federazioa) antolatutako gizataldeen azokaren oholtzara igo ziren duela gutxi. Azoka hori nazioarteko sukaldaritza jairik handiena da Patagonian eta EEko sukaldari taldea ere nabarmendu zen bertan.

Begirada maiatzaren 20an ipinia

2023ari begira, Mendeurrena ospatzea izango da Euskal Etxearen urteko hitzordu nagusia. Mendeurrena urte osora luzatzearren ari dira lanean. Maiatzaren 20ko asteburuan bertan zenbait jarduera egingo dituzte, tartean dantza eta musika gaualdia, etxeko dantza taldeen eta abesbatzaren parte hartzearekin, eta 'Ehungarrena', afaria 100 urteen gorazarre. Meza bat ere eman daiteke, eta hirian, berdegune bat inauguratzeko aukera planteatu da, azken hauek oraindik baieztatzeke, baitetsi du Vergelek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia