Comodoro Rivadavia, Argentina. Duela hiru hamarkada pasatxo Patagoniako Comodoro Rivadaviako Euskal Echea Elkarteak sarritan jasotzen zituen liburu dohaintzak, Eusko Jaurlaritzaren aldetik gehienbat. Duela oso gutxi zendutako Dora Huiche euskaltzale nekaezinak material hori antolatzeko beharra ikusi zuen, lanari ekin eta horrela Euskal Echea-ko liburutegia jarri zuen abian. Iaz, munduan hegoaldeen dagoen Euskal Etxe honek mendeurrena ospatu zuen, eta bere historia errepasatuta, proposatutako helburuen artean, liburutegia biziberritu eta artxibo historiko bat sortzeko beharra ikusi zuten. Bi gaztek, historia irakasle, dantzari eta Euskal Echea elkarteko zuzendaritzako kide diren Paula Zuluaga eta Iñaki Montoyak erronkari eutsi, eta lanak koordinatzen ari dira.
Euskal Etxea ate irekiko erakunde gisa sustatzea pentsatuta, iaz hedapen proiektu bat aurkeztu zuten San Juan Bosco Patagoniako Unibertsitate Nazionaleko Humanitate eta Gizarte Zientzien Fakultatean unibertsitatean eta abal akademikoa lortu zuten. 2003ko maiatzean, Nazioko Kultura Ministerioko Kultura Kudeaketako Idazkaritzak "Argentinako Gizataldeak" programaren deialdia zabaldu zuen, Argentina osoan immigrante-komunitateei lotutako hainbat ekintza sustatu eta ikusarazteko. Hor ere proiektua aurkeztu eta proiektua hautatua izan zen, diru laguntza bat lortuz.
Liburutegi biziduna
Dagoeneko amaitu dute lehen fasea, material bibliografikoen identifikazio, orrazketa eta taxuketa. Horrez gain, liburutegia dagoen eraikinaren sektorean zenbait konponketa egin dituzte, besteak beste leihoak konponduz, komunak berrituz eta tokia egokituz materialak hezetasunetik babesteko. Orain bigarren fasean ari dira, liburuen inbentarioa zehatza egiten, eta horretan aurrerapauso nabarmenak eman dituzte. Behin osatuta, liburutegia erregistro ofizial, udal edo probintzial batean inskribatu nahi dute, jendaurretze kanpaina abiatu baino lehen.
Era guztietako jarduerak egiteko asmoa dute, komunitateak, eta ez Euskal Etxeko kideek bakarrik, liburutegiaren berri izan eta baliatu ahal izan dezan. Liburutegi aktiboa nahi dute, "instituzioekin eta jendearekin, pertsona arruntarekin eta baita ikertzaile eta ikasleekin ere etengabeko harremanetan dagoena". "Lan handia da, mila liburu eta aldizkari baino gehiago ditugu. Eta badakigu batzuk Euskal Etxe honetan bakarrik daudela eta ez hiriko beste inon. Gurea bezain aberatsa den liburutegia oso ekarpen esanguratsua izan daitekeela uste dugu", adierazi dio EuskalKultura.eus-i Iñaki Montoyak.
Artxibo Historikoa, euskaldunen lanaren lekuko
Liburutegia berrindartzearekin batera, Artxibo Historiko bat abiarazteko proiektua planteatu zuten, bazkideentzat eta komunitate osoarentzat esanguratsuak diren Euskal Etxeko dokumentu zaharrak bilduta. Bazkideen argazki zaharrak, egunkari zaharrak, dokumentuak eta akta-liburuak, esaterako. "Artxiboaren eraikuntza prozesu konplexua da, etapa asko dituena, eta hastapenetan gaude. Zorionez, gure elkartearen lehenengo akta liburua dugu, esaterako, 100 urte dituena. Gauza horiek behar bezala zaindu behar ditugu, euskal komunitateak Comodoro Rivadavian egin duen lanaren eta ibilbidearen lekuko baitira", baieztatzen digu gogo biziz Iñaki Montoyak.