euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Comodoro Rivadaviako Euskal Echea-k uholdeek hirian eragindako kalteak ezabatzeke ospatu du bere 94. urteurrena

2017/05/23

Comodoroko Euskal Dantzariak Euskal Etxearen 94. urteurren jaian
Comodoroko Euskal Dantzariak Euskal Etxearen 94. urteurren jaian

PUBLIZITATEA

Bere historiako uholde handienak pairatu zituen martxo erdialdean Comodoro Rivadaviak, eta oraindik erraz antzematen dira kaleetan hondamenaren ondorioak, pixkanaka eta oso poliki ari baita hiria bere onetara bueltatzen. Lehenbailehen normaltasuna berreskuratzea lehentasun ikusten da, baita ere poza, alaitasuna eta libertimendu momentu goxoak pasatzeko paradak eskaintzea. Euskal Echea elkartearen kasuan ere, zenbait astez aktibitaterik gabe egon ondoren, bere 94. urteurrena ospatzeko elkarretaratzea antolatu zuen joan den asteburuan Comodoroko Euskal Etxeak.

Comodoro Rivadavia, Argentina. Urte zaila izaten ari da aurtengoa comodorotarrentzat, martxoan kolpatu ziren uholdeen ondorioz. Hiriko beste hainbat erakundek bezala, Euskal Echeak ere sendo eta irmo segitzearen aldeko apustua egin du, bere bazkideei eta oro har komunitateari bere zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko. Baikortasuna, lana eta aurrera begiratzea bide bakarra da aurrerapenerako eta hori da euskaldunen etxetik luzatu den proposamena.

Zalantzarik ez zen izan, beraz, euskal elkartearen urteurren jaia ospatzeko, joan den larunbatean ospatu ere, maiatzaren 20an. Ekitaldian, Hector Baztanek eman zien ongietorria gonbidatuei eta ondoren Santiago eta Ignacio Baztan eta Edu Vergel sukaldariek prestatutako gutiziak mahairatu ziren. Afalostean, Gizataldeen Jaialdian euskal kolektibitatea ordezkatuko duen erregina aurkeztu zuen Euskal Etxeak. Lorena Zuluagari egkitu zaio aurten zeregin hori. Lorenak 22 urte ditu eta oso txikitatik –lau urte zituenetik– hartzen du parte Euskal Etxeko jardueretan..

Afalostean ere Euskal Etxeko dantza talde guztiek –txikiek, ertainek eta Haize Dantzariak taldean bildutako helduek– dantza selekzio bat aurkeztu zuten. Are gehiago, dantzan hasi berriak diren dantzari txikien gurasoak ere animatu ziren publikoaren aurrean aritzera. Euskal dantzen blokeari amaiera emateko, dantzari guztiak elkartu eta Fandango bat eskaini zuten. Gaua ordu txikiak arte luzatu zen erromeria giroan.

Instituzioaren 94. urteurren festan bertan, hurrengo ospakizunen berri jakinarazi zuen Euskal Etxeko lehendakaria den Hector Baztanek: San Juan jaia ekainaren 24an ospatuko du Euskal Etxeak, galiziar, andaluziar eta portugalda zentroekin batera. Uztailean sanferminak eta San Inazio ospatuko dituzte eta irailean hiriko Gizataldeen Jaialdian hartuko dute parte. Urteko programa urriaren 28an itxiko dute urteroko azken agur afariarekin, bertaratu eta hitzaldi bat emango duen Mikel Ezkerro lagun.

Beste hitzordu bat etorkizunari begira

Buenos Aires hiriburutik 1.800 kilometrora zaila egiten zaie comodorotarrei Buenos Aires hiri eta probintziako kolektibitate jaialdietan parte hartzea. Horregatik engaiamendu handiz sartu zaizkio Patagoniako Euskal Etxeen Topaketak antolatzen dituen ekimenari. Apirilean Comodoroko Euskal Echea-ko ordezkariek Neuquen hirian egin zen 3. Topaketan hartu zuten parte eta asmoa da irailean Viedma eta Patagonesen egingo denean ere partaide izatea.

Aurten gainera, San Nicolaseko Euskal Aste Nazionalan parte hartzeko asmoa dute elkarteko dantzariek. Horri begira ari dira lan egiten gazteak, entsaioak egiten eta bidaiarako dirua biltzen..


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia