euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Comodoro Rivadaviako Euskal Echea elkartea euskaldunen ordezkari Patagoniako Gizataldeen Jaietan

2011/11/02

Comodoro Rivadaviako Gizataldeen Azoka irailaren 9etik 11ra luzatu zen (argazkia EE)
Comodoro Rivadaviako Gizataldeen Azoka irailaren 9etik 11ra luzatu zen (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Ibilbide luzea du Euskal Echea erakundeak Chubut probintzian euskal kultura zabaltzen. Laurogeita zortzi urteko elkarte hau Patagoniako zaharrenetako bat da, eta bere egoitzan Euskal Herriko kultur adierazpen anitz garatzen dira, tartean, dantza, kanta, kirola eta sukaldaritza. Horiek lagun, Euskal Echea-ko kideek izan dute aurten ere herriko Gizataldeen Azokan kolektibitate euskalduna ordezkatzeko ardura. Eta hala egin dute plater tipikoak eskaini eta dantza egiten. Daukaten ospeagatik, euskal etxeko dantzariek Puerto Deseado-n burutu zen Kolektibitateen Gau Emanaldian parte hartzeko gonbitea ere jaso zuten. Nobedadeen artean, elkarteko zuzendariek jakinarazi digute egoitzako jaietarako aretoa prest dagoela jadanik eta laster egingo dutela inaugurazioa.

Comodoro Rivadavia, Argentina. Aurten iailaren 9tik 11ra arte luzatu da Comodoro Rivadavia-n Gizataldeen Azoka. Jaialdia, hiriko azoka lekuan egin zen eta urtero bezala aurten ere herri askotako kolektibitatek jarri zituzten publikoaren esku beren jatorrizko kulturen altxor landuenak.

Comodoro Rivadavia-ko Gizataldeen Azoka 2011 01

[Berrogei bat gaztek osatzen dute Comodoro Rivadaviako Haize Dantzariak talde patagoniarra (argazkia EE)]

Azokaren ardatza sukaldaritza denez, Euskal Echea elkarteko kideek Euskal Herriko mokadu tipikoak eskaini zizkieten euren txokora hurbildu ziren lagunei. Hiru egunetan zehar, piperrada, arraina bizkaitar erara, pintxoak, sagar tarta eta zurrakapoteak azokako erakargarri bihurtu ziren.

Comodoro Rivadaviako Gizataldeen Azoka 2011 02

[Txikiak ere Gizataldeen Azokako protagonistak (argazkia EE)]

Baina sukaldarien proposamena ez zen jaialdiko ikuskizun arrakastatsu bakarra izan. Euskal etxeko Haize Dantzariak taldeko gazteak agertokiaz jabetu ziren hain ondo egiten dakitena egiteko eta txikien graziak eta helduen trebeziak publikoaren txalo beroak eurenganatu zituzten.

Comodoro Rivadaviako Gizataldeen Azoka 2011 03

[Euskal Echea erakundeko sukaldariek buru belarri lan egin zuten mokaduak prestatzen (argazkiak EE)]

Baina Comodoro Rivadavia bertako festez gain, izen handia duen bertako dantzari taldeak Euskal Herriko pauso eta koloreak eraman ohi ditu joaten den leku guztietara. Sarritan beste herri batzuetako kolektibitateen festetan parte hartzeko gonbiteak jaso ohi dituzte gazteek. Joan den urriaren 9an, Patagonian hegoalderago dagoen Santa Cruz probintziako Puerto Deseado-ko Gizataldeen Gau Emanaldian dantzatu zuten comodorotarrek, beste hiru talderekin.

Comodoro Rivadaviako Gizataldeen Azoka 2011 04

[Haize Dantzariak taldeko kideak Puerto Deseado-n aritu ziren beste kolektibitateetako ordezkariekin (argazkia EE)]

Comodoro Rivadaviako euskal etxeko areto berria 2011 05

[Euskal etxeko areto berria (argazkia EE)]

Horretaz landa, urrian beste berri bat etorri zaigu Comodoro Rivadaviako euskal etxetik. Izan ere, erakundeko egoitza handitu zuten etxeko kideek eraikuntzako alde zaharrari beste areto bat gehituz. Aretoa jaiak egiteko gunea izango da eta urriaren azken astetik, lanak bukatuta, erabiltzeko moduan dago. Inaugurazioa oraindik egingo ez bada ere, obraren amaiera ospatzeko 'erreki' bat partekatu zuten erakundeko kideek, tartean Patxi Pujada eta Evelina Olarte Europan jaiotako euskaldunek.  



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia