euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Comodoro Rivadaviako entzulegoak interes biziz segitu zuen Alvaro Vazquez-en hitzaldia erabakimenaz

2008/10/08

Alvaro Vazquez Sancha abokatua
Alvaro Vazquez Sancha abokatua

PUBLIZITATEA

Patagonia argentinarreko euskal etxe honetako areto nagusia bete zuen Álvaro Vázquez Sanchari abokatuari entzuteko bildutako publikoak. Hitzaldiak 'Erabaki, eraikitzeko' zeukan izenburu eta bertaratutakoek arreta handiz entzun eta galdera sorta polita egin zioten gonbidatuari. Mintzaldia bukatuta, Vázquez Sanchak Euskal Herriko historiari buruzko hiru dvd eta Bizkaiko historiari buruzko liburu bat oparitu zizkion Euskal Etxe antolatzaileari. Antonio Baztán lehendakariak opariak jaso eta '80 Años de la Asociación Euskal Echea en Comodoro Rivadavia' liburua eman zion bere aldetik legelariari.

Comodoro Rivadavia, Argentina. Comodorotarrek, Patagonia argentinarreko Chubut probintzian, joan den irailaren 22an jaso zuten Álvaro Vázquez Sancha legelariaren bisita. Vázquez Sanchak Euskadiren erabakitzeko eskubideaz hitz egin zuen, eta solasaldian zehar Euskal Herriaren jatorria, euskaldunen historia eta gaurko egoera aipatu zituen.

Comodoro Rivadavia Alvaro Vazquez 002

[Ezker-eskuin, Alvaro Vázquez, Dora Huiche, Euskal Etxeko lehendakariaren emaztea; eta Antonio Baztan, lehendakaria]

Euskal gizatalde andana bat bizi da Patagoniako hiri garrantsitzu honetan, eta euren arteko ordezkaritza polita bildu zen Euskal Etxera legelariaren esanak entzuteko. Hitzaldia bukatuta, gonbidatuak eta euskal etxeko arduranunek opariak eman zizkioten elkarri. Vazquez Sanchak Euskal Herriko historiari buruzko hiru dvd eman zizkion Euskal Etxeari, baita Bizkaiko --bertan bizi da bera-- historiari buruzko liburu bat ere. Antonio Baztan euskal etxeko lehendakariak, bere emaztea Dora Huicherek lagunduta, berriz, '80 Años de la Asociación Euskal Echea en Comodoro Rivadavia liburua oparitu zion, erakundeak 2004an erakundeak argitaratutako izenburua.

Comodoro Rivadaviako 'Asociación Euskal Etxea'k hainbat ekintza egiten ditu urtero urtean zehar, beti komunitateari begira pentsatuta. Urtero gizataldeen azokan parte hartzen dute, hiriko ekitaldeetara joaten dira Euskal Herria ordezkatuz, eta prest daude beti euren dantza taldearekin beste herritako euskal etxeen ekitaldietan parte hartzeko. Buenos Aires hiriburutik 1800 kilometrora dagoen euskal etxe honek distantziari aurre egiten dio eta euskal kulturaren alde egiten du lan etengabe.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia