euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Comodoro Rivadaviako dantzariak euskal ordezkari Puerto Madryngo Italiako Elkartearen mendeurrenean

2013/07/05

'Haize Dantzariak' Taldea Puerto Madryngo Italiako Elkartearen mendeurrenean (argazkiaPablo Agenor Muñoz)
'Haize Dantzariak' Taldea Puerto Madryngo Italiako Elkartearen mendeurrenean (argazkiaPablo Agenor Muñoz)

PUBLIZITATEA

Erakunde anfitrioiak gonbidaturik, Chubut probintzia argentinarreko Comodoro Rivadaviako ‘Haize Dantzariak’ taldeak euskal dantzak aurkeztu zituen Puerto Madryngo Italiako Elkartearen mendeurreneko ekitaldien baitan. Bi zatiko emanaldia elkarte italiarraren Auditoriumean burutu zen eta dantzariek paregabeko harrera izan zuten. Informazio honekin batera, 90 urte bete berri dituen Patagoniako Euskal Echea-k urtearen lehenengo seihilekoan gauzatutako ekitaldien berri ere helarazi digu.

Comodoro Rivadavia, Argentina. Erakundeko enbaxadore bihurtuta, euskal etxea ez ezik, euskal gizataldea bera ordezkatzen dute Comodoro Rivadaviako dantzariek euren hirian eta eskualdeko beste hainbat herritan. Eta helburu horrekin aurkeztu ziren Puerto Madryngo Italiako Elkartearen Antzokiko taulan instituzio honen mendeurreneko ekitaldien barruan.

Comodoro Rivadaviako dantzariak Puerto Madrynen 2013 01

[Askotan bezala, joan den ekainaren 22an ere aurkeztu ziren etxetik kanpo ‘Haize Dantzariak’ taldeko kideak. Oraingo hitzordua Puerto Madryn-en izan zen (argazkiaEE)]

‘Haize Dantzariak’ taldearen ikuskizunak bi zati izan zituen. Lehenengo saioan lau Arin Arin tradizional taularatu zituzten neska-mutilek; bigarrenean, ostera, Euskal Herriko koreografia modernoagoak dantzatu zituzten. Erakustaldia ekainaren 22an izan zen eta arrakasta handi kari euskal gazteek zorion agur anitz jaso zituzten.

90. urteko euskal etxea

Patagoniako zaharrenetakoa da Comodoro Rivadaviako Euskal Echea Elkartea. Izan ere, eskualdeko euskal jatorrizko etorkinak eta euren ondorengoak biltzeko asmoarekin bederatzi hamarkada daramatza bertan, euskal kulturaren alde lan egiten. Erakundearen 90. urteurrena joan den maiatzaren 20an izan zen eta ospatzeko dantzariak, abesbatzako kideak eta instituzioaren lagun minak elkartu ziren maiatzaren 25ean topa egiteko.

Comodoro Rivadaviako euskal etxearen 90. urtemuga 2013 04

[90. urtemugako jaiaren irudi batzuk (argazkiaEE)]

Comodoro Rivadaviako euskal etxearen 90. urtemuga 2013 02

[Euskal Echea Elkarteko lehendakaria den Antonio Baztan gazteek inguratuta (argazkiaEE)]

Urtebetetze afarian, dantza egiteaz gain, etxeko erregina aukeratu zen. Aurtengo hautatua Lara Goicoechea izan da, eta berari tokatuko zaio euskal etxea ordezkatzea irailean burutuko den Kolektibitateen Jaian. “Laura lau urterekin sartu zen euskal etxean eta denboraren poderioz dantza talde guztietan aritu izan da, txikien, ertainen eta orain helduen ‘Haize Dantzariak’ taldean”, azaldu  diote EuskalKultura.com-i Zuzendaritza Batzordetik.

Comodoro Rivadaviako euskal etxearen 90. urtemuga 2013 03

[Comodoroko euskal etxeko Lagun Artean abesbatza maiatzaren 25eko Tedeum-ean (argazkiaEE)]

Egun berean, hau da, Maiatzeko Iraultzaren Egunean, hiriko kabalkadan eta Tedeum-ean hartu zuten parte euskal etxeko kideek. Elizkizunari dagokionez, ‘Lagun Artean’ izena hartzen duen etxeko abesbatzak bere errepertorio pieza batzuk eskaini zituen Argentinako Aberri Egunean.

Gernikatik Patagoniara

Euskal Etxetik azpimarratu digute, bestalde, 2013 urtea hasteko bertan zabaldu zuten Gernikari ekainitako erakusketaren arrakasta. Argentinako hainbat euskal etxe eta herrietan ikusgai egon den Gernikako Bonbardaketaren 75. Urteurrenari buruzko Erakusketa Patagoniara ere iritsi zen. Jaurlaritzak eta Gernikako Bakearen Museoak sustaturik, Erakusketa Ibiltaria otsailaren 16tik 22ra izan zen Comodoro Rivadaviako euskal elkartean. Ekitaldia komunitate osoari zuzendu zitzaion eta oso erantzun ona izan zuen herritarren artean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia