Jaia larunbat honetan izango da, ‘Artisauen Pasealekuan’, eta bertarako diren gonbidatuen artean daude Bariloche, Cordoba, Pergamino, Viedma eta San Martin de los Andes-eko euskal etxeetako ordezkariak. “Festa ederra ari gara prestatzen”, jakinarazi digu proposamenaren arduradun nagusia den Rafa Molinak. “Euskal eta argentinar dantzak, bideoak, Euskal Herriari buruzko informazioa, eta nola ez, mota askotako pintxoak eskainiko dizkiegu gonbidatuei”, adierazi dio EuskalKultura.com-i.
Neuquen, Argentina. Otsailean egin zen Neuquen hirian Neuquen eta Rio Negro probintziek osatzen duten Comahue eskualdeko Euskal Etxea sortzeko lehenengo informazio-bilera. Rafa Molina durangarrak animaturik, poliki-poliki joan dira euskal jatorriko –eta euskal kultura gustuko duten– lagunak bilkuretara bertaratzen eta denen engaiamenduarekin taldea sendotzeko aurreneko urratsak eman dituzte.
Orain, berriz, Comahueko Euskal Etxea izenpean, Neuquen hiriari eta inguru zabalari ez ezik, euskal diaspora osoari aurkeztu nahi diote instituzioa; karia horretara jai erraldoi bat egingo dute bihar larunbata, apirilaren 9an, musika, dantzak, bideoak eta euskal sukaldaritza osagaiak barne.
“Buru belarri gabiltza antolatze lanetan dena ondo atera dadin” adierazi digu Rafa Molinak. “Baina oso gustura, jakina. Jaia hiriaren erdigunean izango da, Udaletxearen ondoan dagoen ‘Artisauen Pasealekuan’, denen bistara. Udaleko Kultur idazkariarekin bildu nintzen eta esan behar dut gure esanetara jarri dela. Are gehiago, berari eta alkateari gonbitea luzatu diegu eta seguru asko etorriko dira”.
Gonbidatuei dagokienez, ez dira gutxi ehundaka eta milaka ere kilometro egingo dituztenak aurkezpen festan egotearren. Besteak beste, Bariloche, Cordoba, Pergamino, Viedma eta San Martin de los Andes-ko euskal etxeetako lagunek baietza eman diete jadanik neuquendarrei. “Beraz, kanpotik datozen lagunen ostatuaz ere ari gara arduratzen. Haien esku egongo dira euskal dantzak. Dantzariak kanpoko ordezkaritzekin etorriko dira eta euren artean prestatuko dute dantza emanaldia”, azaldu digu Molinak.
Euskal dantzez gain, folklore argentinarrak eta tangoak ere osatuko dute jaialdiko programa. “Denetik izango dugu. Ziur gaude arrakasta itzela lortuko dugula. Eta jaia bukatutakoan, helburuak beste batzuk izango dira, hala nola lokal bat aurkitzea eta ekintzei serios ekitea”.
Jaia bihar izango da, arratsaldeko 6etatik gaueko 11etara, Neuquengo ‘Artisauen Pasealekuan’, Argentina etorbidean, Udaletxe parean.
Lehenengo janari salmenta
Argentinako euskal etxe anitzek janaria prestatu eta saltzea hartu dute bitarteko dirua biltzeko eta bistan da ekimen arrakastatsua izan ohi dela. Comahueko Euskal Etxeko lagunen kasuan oilasko erreak prestatu zituzten martxoaren 20an saltzeko. “Ehundik gora oilasko egin eta saldu genituen. Oso esperientzia ona izan zen bai jaiari begira dirua biltzeko bai talde lana antolatzen ikasteko. Eginbeharrak banatu eta primeran moldatu ginen”, adierazi digu Molinak.