Joan den ostiralean hasita bart gauera arte luzatu da Neuquen hirian bertako Gizataldeen Jaia. Hamabost kolektibitate partaide, festak gastronomia eta ikuskizun tipikoak eskaini ditu eta arrakastaz garatu da izen bereko probintzia argentinarraren hiriburuan. Euskal kolektibitateari dagokionez, kabalkadan parte hartu eta stand kultural bat aurkeztu zuen Comahueko Euskal Etxeak.
Neuquen, Argentina. Azken asteburu onetan egin da Nequen hirian, bertako Duam izeneko Konbentzio Gunean Neuquengo Gizataldeen Jaia. “Mundua eskuetan” lelopean, hamabost kolektibitate bildu zituen jaiak, hala nola espainiarra, italiarra, txiletarra, hungariarra, errusiarra, arabiarra, ukrainarra, venezuelarra, kolonbiarra, brasildarra, boliviarra, dominikarra, kubatarra, mexikarra eta euskalduna.
Euskal Herriko tradizioak, kultura eta gaurko egoera ezagutze aldera, stand bat aurkeztu zuen jaialdian, orain urtebete eskas jaiotako Comahueko Euskal Etxeak. Txokoan, oroigarriak saltzeaz gain hainbat euskal ikur –ikurrinak, lauburuak, euskal jantziak, mapa eta argazkiak…– jarri zituzten ikusgai Manu Molina buru duen euskal elkarteko lagunek. Gizataldeen Jaiko debutean, gainera, kolektibitateen desfilean hartu zuten parte euskal ordezkariek eta fandango bat dantzatzera ere animatu ziren.
“Poztasun handia sentitzen dugu ekitaldian izandako partaidetzagatik”, adierazi dio Comahueko Euskal Etxeko lehendakari Manu Molinak EuskalKultura.com-i. “Oso balantze ona egiten dugu. Alde batetik, oso polita izan da taldearentzat jaian parte hartzea gainerako kolektibitateetako ordezkariekin batera, bakoitza bere kulturaz gozatzen eta bere herriaren berri ematen… Bestalde, aukera ezin hobea izan da, hirian Euskal Etxeak Euskadiren alde egiten duen lana zabaltzeko eta horrek indar handia eman digu gure bide honetatik jarraitzeko”, kontatu digu bart Molinak, Gizataldeen Jaiaren 2016ko edizioa ixten ari zela.