euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Columbus Day-ko kabalkadarekin bukatuko dira gaur New Yorken EENYen Mendeurreneko ekitaldiak

2013/10/14

Irudian agertzen den Midtown Loft & Terrace aretoan, Bosgarren Hiribidean, egin zen atzo Euzko Etxearen Mendeurren Gala. Mikrofonoan, Iban Ubarretxena, EENYeko lehendakariordea (argazkia EuskalKultura.com)
Irudian agertzen den Midtown Loft & Terrace aretoan, Bosgarren Hiribidean, egin zen atzo Euzko Etxearen Mendeurren Gala. Mikrofonoan, Iban Ubarretxena, EENYeko lehendakariordea (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Atzo igande iluntzean New Yorkeko Bosgarren Hiribideko areto batean eginiko Gala izan da Estatu Batuetako euskal etxerik zaharrena den 'Eusko Etxea of New York'ek bere Mendeurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien gailurra markatu zuen ekimena, New Yorkeko, NABOko, Eusko Jaurlaritzako (Urkullu lehendakaria zen ordezkaritzako buru) eta itsasoaren bi aldeetan jaiotako euskaldunak partaide. Ekitaldien azken txanpan, gaur Bostgarren Hiribidean barna ibiliko den Columbus Day-ko kabalkada edo desfile famatuko euskal partaidetza izango da, musikariak, dantzariak eta NABO eta Jaurlaritzako kideak lagun, ospakizunen azkeneko ekitaldia.

New York, Estatu Batuak. Euskaldunak New Yorken oihartzun handikoa den Columbus Day-ko kabalkadan parte izatera itzuliko dira gaur goizean, hiriko Eusko Etxearen Mendeurrena ospatzeko deitutako ekitaldi programak biltzen duenez. 

Joan den astean zehar Manhattan eta Brooklyngo agertokietan garatutako programari amaiera emanez, festa giroko partaidetza alai honek ehun-berrehun bat partaide batuko ditu, musikak lagundurik, euskal jantziak soinean eta ikurriñak eskuetan, euskaldunen eta hiri honen artean dagoeneko 100 urte dituen harreman eta uztartze honen adierazgarri.

2013 new york mendeurrena 001

[New Yorkeko Eusko Etxeko lehendakari Aitzol Azurtza ongietorria ematen joan den astean, Eusko Etxearen egoitzan, EENYren mendeurrena dela eta bertara hurbildutako jendeei (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 new york mendeurrena 002

[Urkullu lehendakaria ostiralean iritsi zen New Yorkera Milwaukeetik, Estatu Batuetara egiten ari den bidaiaren hirugarren geldialdian, Washington DC ere bisitatu ondoren. Ostiralean hirian zenbait erakunde eta eragilerekin bildu ostean, larunbatean NABOren Neguko bilkura itxi zuen. Irudian, itxiera ekitaldia, ezkerretik eskuinera, Kate Camino, NABOko sustatzailea, Marisa Espinal, elkateko idazkaria, Urkullu lehendakaria, Valerie Arrechea Etcharren NABOko lehendakaria eta Mary Gaztambide, lehendakariordea (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 new york mendeurrena 003

[Iragan astean astelehenetik ostirala bitartean egindako jardunaldi akademiko eta dibulgatzaileekin batera (EuskalKultura.com-ek aurreko artikuluetan eman du euren berri), ostiraletik igandea bitartean beste zenbait emanaldi artistiko ere gertatu ziren New Yorken euskal testuinguruan, tartean irudiak islatzen duena: Kalakan hirukotearen kontzertua, kasu honetan EENYen egoitzan. Lehenengo lerroan, hip-hop dantzari bat ikus daiteke, hirukotearen laguna eta haiekin ibilia, Maddonak bere azken mundu-biran famatua egin duen 'Aldapeko' euskal kantu tradizionalaren Kalakanen bertsioa, zeharo erritmo biziduna, dantzatzen (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 new york mendeurrena 004

[Larunbatean ere musika eta dantza arloko emanaldiak izan ziren, kasu honetan Salt Lake City-ko (Utah) Triskalariak taldearen eskutik eta Andoaingo Urki taldearenetik; baita ere Bilboko San Antonio Iralabarriko abesbatza medio. Hona irudia, adierazgarria oso, Iralabarriko taldea kantuz New Yorkeko etxeorratzen soslaia atzealdean (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 new york mendeurrena 005

[Ohorezko aurreskua New Yorkeko Eusko Etxeko egungo eta aurreko bazkideen omenez dantzari andoaindar bik dantzatua, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzako kideen begiradapean, tartean Urkullu lehendakaria eta bere emazte Lucia Arieta-Araunabeña daudela (argazkia EuskalKultura.com)]

Gaurtik aurrera eta asteazkenean segituz, aste honetan zehar EuskalKultura.com-ek artikulu sorta berri bat eskainiko du Mendeurrena kari askok munduaren hiriburua kontsideratzen duten honetan antolatutako ekitaldien errepasoa eginez eta, aurreko egunetan bezala, partaide lekuko eta zabaltzaile izango da euskal-amerikar presentzia eta errotzearen errealitatearen erakusgarri diren momentu berezi hauetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia