euskal diaspora eta kultura
2013/10/16
PUBLIZITATEA
New York, Estatu Batuak. Columbus Day-ko kabalkadan parte hartuz, koloretsu, bizi-bizi eta arrakastaz amaitu zituen astelehenean New Yorkeko Eusko Etxeak (EENY) bere Mendeurreneko ekitaldiak. Berez hiriko gizatalde italiarrak antolatzen duen jai zinez jendetsua da Columbus Day, literalki Columbus-en eguna [italieraz 'Cristoforo Colombo' eta latinez eta ingelesez 'Christophorus Columbus' esaten zaio gaztelaniaz 'Cristóbal Colón' eta frantsesez 'Christophe Colomb' gisa ezagutua den pertsonaiari] eta famatua da oso egun horretan (jai eguna hemen) Bosgarren Hiribidea behetik gora ibiliz egiten den kabalkada edo desfile jendetsu eta partehartzailea (aurreko egunean, igandean, hispanoen desfilea zen, eta astelehenean italiarrena; izan ere, nabigatzailearen italiartasunari harro aldarrikatuz ospatzen dute italiarrek eguna eta gogor ospatu ere New Yorken).
Aspaldiko partez, eta oraingoan EENYen Mendeurrena kari edo estakuru, euskaldunak kabalkadara itzuli dira, eta joan den astean hirian euskal elkarte newyortarraren Mendeurreneko ekitaldi eta ospakizunetan ibilitako jendeek --hiriko euskaldunek, AEBetako beste lekuetatik bildutakoek eta Euskal Herritik etorritakoek-- euren pozaren eta urtebetetze-giro alaiaren erakusgarri baliatu zuten New Yorkeko kale famatuena moztu eta hainbat orduz etengabeko talde eta partehartzaileen agerleku bilakatzen duen egun hau. Hona argazki lekukotasuna:
[Kabalkadan sartzeko txanda noiz helduko zain, euskal partaideetako asko jantzi tradizionalez, elkarrekin solasean, egunak eskatzen zuen ilusioa aurpegian (argazkia EuskalKultura.com)]
[Ikurriñekin batera, Estatu Batuetako banderak, urtero gehienbat New Yorkeko gizatalde eta elkarte italiarrak biltzen dituen kabalkada erraldoi honetan (argazkia EuskalKultura.com)]
[Eta zain egotea arintzeko, eta gogo animatuen adierazgarri, euskaldunak dantzari, txistuaren doinua higitzaile (argazkia EuskalKultura.com)]
[Euskaldunen hurrengo partaideak italiarrak eta musika-banda ozen bat zeukan talde handi bat izanik, ez ziren euskal dantzariak atzean geratu animazio eta bizitasun aldetik, dantzen ondotik kalejirak baitzetozen, giro ezinhobe batean (argazkia EuskalKultura.com)]
[Ondoren buruan joango zen pankarta, bertan Iker Goñi (EENY), Asier Vallejo (Eusko Jaurlaritza), Itziar Albisu Kobayashi (EENY), Marijose Sorrondegi, Eusko Etxeko lehendakari Aitzol Azurtza eta Alaitz Goñi daudela (argazkia EuskalKultura.com)]
[Partaideen artean ikusten ditugu Parisetik iritsiak, Zuberoatik eta Montreal-Quebec-etik, guztiak euren partaidetzarekin lagundu eta zorion bereziak emateko New Yorkeko Eusko Etxeari bere mendeurrenean (argazkia EuskalKultura.com)]
[Euskal Herritik etorritako artisten artean, Bilboko Iralabarriko San Antonio Abesbatza. Arrakasta polita bildu zuten New Yorken, Maite Zugazaga zuzendari (argazkia EuskalKultura.com)]
[Eta hasi da kabalkada, New Yorkeko Eusko Etxearen webgunea agerian utziz, ezkerrean EENYeko Julen Abio eta bere alaba Maialen, eta eskuinean, Parisetik etorritako Todor Azurtza ikurrina soinean (argazkia EuskalKultura.com)]
[Bigarren lerro batean, pankarten atzean baita ere, EENYeko kide gehiago eta gonbidatuetako batzuk. 79. zenbakia zeukan kabalkadako euskal partaidetzak (argazkia EuskalKultura.com)]
[Pankartaren atzean, ezkerrean beltzez, Quebec-eko Euskaldunak Euskal Etxeko lehendakari Adelaide Daraspe, ilean euskal inauterietan inspiratutako orrazketa, Cristophe Pavia artista hendaiarrak propio egina. Bere ondoan, eskuinean, Mariajo Olaziregi Etxepare Institutuko zuzendariordea, Ernest Behaxateguy Montrealgo Euskal Etxeko zuzendaritzakoa eta Iker Goñi EENYeko idazkaria (argazkia EuskalKultura.com)]
[Dantzarien artean, bi dantza talde gonbidatu zituzten 'Euskal Etxea of New York'eko antolatzaileek: Utah-ko Salt Lake City-tik, hiriburu hartako Triskalariak dantza taldea; eta Euskal Herritik, Andoaingo Urki dantza taldea, irudian agertzen dena, euren banderak dioenez (argazkia EuskalKultura.com)]
[Arrakasta eta txaloak jaso zituzten euskal partaideek, zinez integraturik Columbus Day-ko kabalkada honetan (argazkia EuskalKultura.com)]
[Eta kabalkadaren garapenak uzten zuenean, dantza, euskal kultura tradizionalaren adierazgarri, kolorez, bizitasunez eta alegrantziaz betetako urrats eta pausoetan, txistu eta danbolinak lagun (argazkia EuskalKultura.com)]
[Argazkilari, eta bideo zein telebista kamera askoren arreta erakarri zuten kabalkadan parte hartu zuten euskaldunek; ikusleetako batzuek bazuten Euskal Herriaren berri, beste batzuk ideia lausotu bat eta beste batzuek galdetu egiten zuten nongoak ziren jantzi, arropa eta modu koloretsu horiek (argazkia EuskalKultura.com)]
[Bihar jarraituko du]
Hunkituta, lerro hauek irakurrita. Eskerrik asko gure bandera eta koloreak nere eta gure izenean eramateagatik. Proud of you and proud of us. Handiak gure txikitasunean, txikiak gure handitasunean. Hitz gehiagoren ordez, jaso nere besarkada estua, Aitzol eta kabalkada horretan parte hartu zenuten guztiak!
Monika, 2013/10/17 17:07
Ederra da zuen antolaketa polit, koloretsua eta esanahiez betetakoa ikustea. Esanguratsua, itxaropentsua, gogoberotzailea, bihotz betea dakarrena... Burua-bihotzak zuzpertu dizkit. Zuei eskerrak!! Beste horrenbeste bete arte! Aitzol, zuri ere zorionak estu-estuki, eta erpurua gora, gora!
MariJoxe, 2013/10/17 15:02
Kaixo Jon Martin, Eskerrik asko zure zorionengatik, benetan zoragarria izan zen 5garren Etorbidean gora Euskal Herriko ikurrinekin ibiltzea, jendea espaloietatik begira ari zitzaigun bitartean. Ikusmiran zegoen jendea eta jakimina sortu genuen, beraz gure burua NYeko herrikideen artean ezagutarazteko helburua soberan bete genuen. Goraintziak NYetik! Aitzol Azurtza
Aitzol Azurtza, 2013/10/17 09:07
Zorionak! Congratulations for such a celebration! What a great idea, we need to provide visibility to ourselves. Euskaldunak izan bagara, eta euskaldun gisa behar dugu agertu, ez badugu desagertu nahi. Zorionak New Yorkeko lagunei eta segi urte askoan horrela. Gure ordezkari zarete. Mila esker.
Jon Martin, 2013/10/17 02:05
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus