euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Coloradoko Udako Besta 2024 Gran Junctionen: Bizi Emankorra Mayi-ri eta plaka Urrutia Plazaren gorazarre (I)

2024/09/25

Coloradoko Grand Junctioneko 'Plaza Urrutia' frontoiko ekitaldietara Chino eta Kaliforniatik inguratutako partaideetako batzuk
Coloradoko Grand Junctioneko 'Plaza Urrutia' frontoiko ekitaldietara Chino eta Kaliforniatik inguratutako partaideetako batzuk

PUBLIZITATEA

Grand Junction, Colorado, AEB. Asteburu ederra pasatu dute irailaren 21 eta 22an, larunbat eta igandez, Grand Junctionen 'Colorado Euskal Etxea' antolatzaile hiriko 'Plaza Urrutia' pilotalekuan, larunbatean EEaren 'Udako Besta' ospatuta, programa trinko batekin, eta igandean Coloradoko Mus Txapelketarekin, NABOren nazionalerako sailkagarria den norgehiagokan. Frontoian plaka bat ezartzea, Coloradoko Estatuak kantxa jabego historikoen zerrendan sartu izanaren erakusgarri, izan zen larunbatean momentu gorenetako bat, beste bat izanik NABOko lehendakari Jean Flesherrek 2024 Al Erquiaga Bizi Emankorra saria Mayi (Berterretche) Petracek-i ematea, euskal kultura eta euskaldunei eskainitako bizitza osoko dedikazioagatik, 150 bat lagun bildu zituen ekitaldian, pilota partidak, dantza emanaldiak, zuzeneko euskal musika eta erromeria, kantua-eta osagai.

Hauxe argazki kronikaren lehenengo zatia:


Larunbata NABOren bilkurarekin hasi zen goizeko 8etan, Grand Junctioneko hotel batean, delegatuak batzuk fisikoki bertan eta beste batzuk Zoom bidez parte harturik


Hainbat gai jorratu zituzten NABOren urteko hirugarren osoko bilkura honetan. Irudian, Salt Lake Cityko Monique Flesher zutik bildutakoei hizketan


Zoom bidez parte hartu zutenen artean, Edurne Arostegui, NABOko Euskara koordinatzailea. Urtea amaitu arte segituko du ardura horrekin. Bildutakoek txalotu eta bere lana eskertu zioten. Bere ardurei utziko dion beste bat, kasu honetan Euskal Herrira mugituko delako, Todor Azurtza da, Boisetik lan ederra egin duena azken urteetan pilotari, bertsozaletasunari eta kultura alorreko hainbat ekimeni dagokienean. Zoomez ere sartu zen bileran, Martin Goicoechearekin batera, eta ongi merezitako txaloak eman zizkioten baita ere


New Yorketik, bere lehenengo zuzeneko agurra egin zien NABOko delegatuei Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari berria den Ander Caballerok. NABOko kideen lagun zaharra da, lehenago Euskadiren ordezkari izana baita Estatu Batuetan, eta lehenago oraindik bertako euskal etxe bateko bazkide, NABO aurrean delegatu eta baita EE euskara irakasle ere


Arratsaldez ekitaldiak Grand Junction bertako Plaza Urrutia pilotalekura pasatu ziren. Irudian, jendea apurka apurka bertara iritsi eta Estatu Batuetako beste leku batzuetatik bertaratutako adiskide eta ezagunak agurtu eta eurekin solasten, ekitaldiak hasi aurretik


Urrutia Plaza 1978an eraiki zuen Jean Urruty Donazaharreko emigrante baxenafartarrak bere etxea zenaren ondoan, eta inguruetako euskaldunen biltoki eta erreferentzia izan zen Urruty 1983an hil eta hilabete batzuk arte. Urruty, bere lurretan olioa aurkitu zutenean aberastutako pertsona, euskal jardueren sustatzaile handia izan zen eta bertako lehenengo Euskal Etxearen sortzaile eta babeslea. Bera pausatu ondotik, lursaila salduta, hasiera batean Udalak kantxa botatzeko eta parke publiko bilakatzeko planak egin zituen, baina frontoiaren aldeko mugimendu gotor bat sortuta, geroago Udalak berak bere planetan sartu eta kontserbatu du, parke publikoko parte bilakatuta


Kalifornia eta Nevadatik lau pilotari bertaratu ziren eguneko partidak jokatzeko. Mikrofonoan, San Frantziskoko Jessy Kvarna pilotaria, ondoan Raymond Basanez, Daniel Olvera eta Marcos Medina dituela. Bere eskuinean lehenengo lerroan, berriz, partidetako epaile izan zen Jean-Pierre Dalia


Pilota partidak Urrutia Plazan, atzealdean ikurrina eta bandera estatubatuarra, Colorado Euskal Etxeko bannerrarekin batera


Lagun arteko argazkia, Chino eta Kaliforniatik bertaratutakoetako batzuk, omenaldia egingo zioten Mayi (Berterretche) Petracek hangoa baita, azken 14 urte hauetan Coloradon bizi bada ere


Plaza Urrutiaren plaka inauguratzeko zeremonia. Mikroan hizlari NABOko lehendakari Jean Flesher


Hiriko eta Estatuko historialarien partaidetza ezinbestekoa izan da frontoia babestearren


NABOko lehendakari Jean Flesher Grand Junctioneko Museoan geratuko den frontoiaren plaka erakusten


Kantxaren alboan ezarri zen plaka berria, euskal emigranteen eta Coloradorekiko euren partaidetza eta legatua aipatzen duten hitzekin, historia saileko eta Udaleko ordezkariek desestaltzeko momentuan

Kronika honen bigarren eta azken zatia, NABO Bizi Emankorra saria Mayi (Berterretche) Petracek-i emateko ekitaldiarekin, ondoko artikuluan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia