euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Coloradoko EEak Udako Besta egingo larunbatean, plaka jarriko Urrutia frontoian eta Mayi Berterretche ohoratuko

2024/09/19

PUBLIZITATEA

Grand Junction, Colorado, AEB. Colorado Euskal Etxeak bere Udako Besta egingo du datorren larunbatean, irailaren 21ean, Grand Junction hirian. Besta esanguratsua, hunkigarria ere, maitasunez antolatua eta estatuko eta estatutik kanpoko euskaldunak eta euskaltzaleak bilduko dituena izango da, ez sobera jendetsua, egun tipitua baitago Coloradoko euskal komunitatea eta Colorado urruti baitago Kalifornia edo Idahotik, baina bai azkarra, indartsua sentimentuz eta bihotzez, eta engaiatua, konprometitua, atxikia, eta Coloradoko euskal historian sustraitua oso.

Programa ofiziala larunbat eguerdiostean hasiko bada ere, lehenago, goizean goizik hasita, NABOk bere aurtengo hirugarren osoko bilkura egingo du, ondoren programa publikoa 13:00etan abiatzeko Grand Junction-eko Urrutia Plazan. Izan ere ekitaldietako bat, Jean Urruty donazahartarrak 1978an eraikitako euskal pilota plazan plaka jartzea izango da, iaz Coloradoko Historia Zuzendaritza Kontseiluak, Jabego Historiko Erregistroan sartu eta babesa eman ondoren.

'Bizi Emankorra' Saria Mayi (Berterretche) Petracek-i

NABO bilkurarekin eta plaka ezarri eta kantxa badeinkatzearekin batera, eguneko hirugarren puntu gorena, NABOren 'Bizi Emankorra' Saria Mayi (Berterretche) Petracek-i ematea izango da, bere ibilbidea eta merezimendu ugariak laburbildu eta gero. Mayi Chino Kalifornian hazitako euskalduna da, bere gurasoek bertako 'Centro Basco jatetxea baitzeukaten, egun ere bere familiak kudeatua, aspaldi bizi dena Coloradon, Colorado Euskal Etxea-ko presidente eta lehenengo bolondresa izanik. Saria eskuratu ostean, txistulariak (Valerie Arrechea) jo eta dantzariek (Elena, Emma & Jeannine Duhart; eta Vanessa Manjarrez) agurra dantzatuko diote. Segidan pilota partidak Kaliforniatik etorritako pilotariekin (Marcos Medina, Jesse Kvarna, Raymond Basanez eta Daniel Olvera), dantza, eta herri afaria parkean pilotaleku ondoan.

Igande goizean, berriz, goizeko 8etatik aurrera NABOko 2025eko finalerako sailkagarria den Mus Txapelketa egingo da. Gogoratu Urrutia Plaza Grand Junctionen dagoela kokatua, Canyon View Park-en. Argibideak, coloetxea@gmail.com-en helbidean edo Euskal Etxearen webgunean hemen. Piknikerako eta Mus Txapelketarako txartelak hemen eros daitezke. Mila esker aldez aurretik laguntzeagatik Coloradoko euskal ondarea atxiki eta hedatzen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia