Colon Antzokian ‘Unicos’ jaialdian parte hartu aurretik Laurak Bat Euskal Etxean prestatu da Joan Manuel Serrat
2018/02/21
Joan Manuel Serrat Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean
PUBLIZITATEA
Luxuzko bisita batekin eman dio hasiera 2018 urteari Buenos Airesko Laurak Bat-ek. Izan ere, Euskal Etxeko Basaldua aretoan egin zuen Joan Manuel Serrat-ek bere entsegua gaur bertan Colon Antzokian eskainiko duen kontzerturako. “140. urteurren urtea bukatzeko era ederra izan zen” adierazten dute BACen antolakuntzan erabat murgilduta dauden Euskal Etxeko lagunek.
Buenos Aires, Argentina. Colon Antzokian egiten den ‘Unicos’ izeneko nazioarteko musika jaialdia atzo hasi eta martxoaren 2ra arte luzatuko da. Gaurko emanaldian Joan Manuel Serrat kantautoreak abestuko du beste hainbat abeslarirekin batera. Errezitala prestatzeko, Laurak Bat Euskal Etxean entseatu du azken astelehenean musikari kataluniarrak, instituziotik azaldu diguten legez, “Gure aretoetako akustika oso ona baita hau bezalako kontzertuentzat”.
Colon Antzokiko orkestrak lagunduta, bere errepertorioko klasiko batzuk interpretatu zituen Serratek saio intimo eta itxi batean. Entsegua bukatu eta gero esker beroak eman zizkien anfitrioiei euskaldunen etxearen ateak berari eta bere musikariei irekitzeagatik.
Gogora dezagun Joan Manuel Serrat-ek badaukala abesti bat euskarazko errepikarekin. ‘Edurne’ abestia 1970koa da eta Francoren diktaduratik ihes egiten zutenei laguntzen zieten neska tolosar baten historia kontatzen du. Kanta Argentinan kaleratu zenean, Teresa de Zavaleta irakasleak egin zuen itzulpena.
(Serrat 'Edurne' kantatzen, euskara eta gaztelaniaz tartekatuz)
2018ko egitaraua
Urte bizia izan zuten iaz Laurak Bat-eko lagunek Euskal Etxeak 140 urte bete zituelako. Urteurren berezi hori pasatu da baina horrek ez du esan nahi aurtengoa bizia ez denik izango. Are gehiago, instituzioko batzordea buru belarri ari da aurtengo egitaraua antolatzen. Lehenengo hitzordua martxoaren 13an izango da, erakundearen 141. urteurrena ospatzeko. Betiko ohiturari jarraituz, lore eskaintza egingo da eta ohorezko aurreskua dantzatuko dute dantzariek. Aberri Eguna ere ospatuko dute Belgrano kaleko lagunek martxoan eta apirilean Gernikako Bonbardaketaren urtemuga. Ospakizunez gain, urtean zehar euskara eta dantza eskolak ere eskainiko dituzte.
‘Buenos Aires-ek Euskal Herria ospagai’
‘Buenos Aires Celebra al País Vasco’ (Buenos Aires-ek Euskal Herria ospagai) jaialdiaren zazpigarren edizioa maiatzaren 6an izango da aurten. Behin betiko programa oraindik ez badago ere, antolatzaileek jakinarazi digute formatu eta ezaugarriak, oro har, betikoak izango direla. Hau da, Mayo etorbidean, Kabildoren parean, eguerdiko 12etatik arratsaldeko 6etara. Arratsaldean zehar musika eta dantza ikuskizunak egongo dira eta standetan, euskara, kirolak, genealogia, eta nola ez, euskal sukaldaritza.
Egun hauetan Buenos Aires hiriburuko gobernuarekin azken bilerak ari dira izaten Laurak bat-eko arduradunak; eta laster euskal etxeei begirako deialdia egingo dute. Arantxa Anituak jakinarazi digun legez, “BAC-i dagozkion hainbat gauza aldatzen ari dira aurten; adibidez, kolektibitate batzuei eskatu diete beste batekin elkartzeko. Gure kasuan ez. Guk milaka lagun biltzen ditugu parte hartzaile eta publikoaren artean. Hori dela eta geure jaia, geure ‘Buenos Aires celebra’ izango dugu, gu geu protagonistak”, adierazi digu, harro, Laurak Bat-eko lehendakariak.