euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Colleen Asumendi Fillmore: 'Euskal dieta osasungarria da, mediterraniarraren antzekoa'

2008/10/29

Colleen Asumendi Fillmoren euskal dietari buruzko liburuaren azala
Colleen Asumendi Fillmoren euskal dietari buruzko liburuaren azala

PUBLIZITATEA

Colleen Asumendi Fillmore dietista euskal-amerikarra Idaho Estatuko (AEB) Haur Elikadura Programaren zuzendaria da eta euskal komunitatearen dietari buruzko ikerketa bat argitaratu du berriki, 'Basques of Boise: Adult Dietary Culture and Tradition: Basques: Culture and Tradition' izenburupean. 'Idahoko euskaldunak gogotik saiatu dira euren kultura gastronomikoa mantentzen eta etxean ikasi zituzten errezetak gorde egin dituzte', azaldu dio EuskalKultura.com-i Markina eta Laidako euskaldunen ondorengoa den aditu honek.

Boise, Idaho, AEB. Euskal dieta, edo behintzat AEBetako euskaldunek urtetan mantendu duten euskal tradizio gastronomikoa, 'oso osasuntsua' eta 'dieta mediterraniarraren antzekoa' da, Colleen Asumendi Fillmore elikadura adituaren esanetan. Fillmore-ek Basques of Boise: Adult Dietary Culture and Tradition: Basques: Culture and Tradition liburua argitaratu du eta bertan AEBetako euskaldunen ohiturak eta tradizio gastronomikoa aztertzen ditu. Amaren aldetik irlandarra eta euskalduna aitaren partetik, Fillmore (Asumendi ezkondu aurretik) Boiseko euskal komunitatearen baitan hazi zen, bertako gizarte eta kultur bizitzan parte hartuz. Euskal jaiak, piknikak... ederki ezagutzen ditu eta bertan janariak duen garrantziaren jakitun da Fillmore.

Azken urteetan helburu zientifikoarekin bildu da Fillmore euskal jai eta ekitaldi hauetara, bertan euskaldunen dieta aztertzeko asmoz. Boiseko euskaldunen jai eta bazkarietan izan da Fillmore, menuak aztertuz, elkarrizketak eginez eta bere ikerketarako datuak bilduz. 'Arrainak, oliba olioak eta barazkiek dieta honetan garrantzia handia dutela esan daiteke. Kaloriak, kolesterola eta sodioa pixka bat altuak dira, baina kontuan izan behar da ikerketaren oinarri jaietako menuak direla eta hori ez da eguneroko dietaren parekoa. Koipeki saturatuen mailak onak dira, eta baita ere burdin, proteina eta A eta C bitaminenak', azaltzen du Fillmorek.

Euskal nortasunaren parte

Ikerketaren ondorio zientifikoez gain, Asumendi Fillmorek Ameriketako euskaldunei buruzko hainbat konklusio ere atera ditu lan honetatik; adibidez, gastronomia AEBetako euskaldunen nortasunaren parte garrantzitsua dela. 'Boiseko euskaldunek Euskal Herriko ohitura gastronomikoak mantendu dituzte', azaltzen du, 'eta nahiz eta kultura iparamerrikarraren eragin logikoa izan duten, zinez ahalegindu dira euren gastronomia, ohiturak eta errezetak mantentzen'. Euskal dietako jaki aipagarrienen artean Fillmore-k bakailaoa azpimarratzen du: 'elikagai osasungarrienetakoa da eta gainera euskal historiari oso lotua dago'.

Basques of Boise: Adult Dietary Culture and Tradition: Basques: Culture and Tradition liburua Boiseko Euskal Museoan eros daiteke, edo Amazon bezalako interneteko liburu denda handietan (erosteko, jo hona). Horrez gain, Colleen Fillmore gastronomia eta nutrizioari buruzko webgune bat prestatzen ari da, bertan ikerketak, gomendioak eta datuak eskaintzeko. Adituak webgune honen bidez munduko euskal komunitatearekin hartu-eman sakonagoa izan eta nutrizio eta elikadura ohiturei buruzko informazioa jasotzeko helburua ere badu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia